"Konfrontazioa betikotzeko saiakera" salatu dute Azken Ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 23a, 20:29

Lasarte-Oriako Sarek deituta, 60 bat herritarrek parte hartu dute otsaileko ekintzan. Elizatzetik Okendora bitarteko ohiko ibilbidea osatu dute lehenik, eta plazara iristean, idatzi bateratua irakurri dute. Hilabetean gertatutakoa gainbegiratu eta aurrera begirako hitzorduen berri eman diete bertaratutakoei.

Sarek eta Etxeratek adostutako idatzia irakurri du ohi bezala Pili Kastresanak. Urtarrilean Bilbon egindako mobilizazioan "euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari aterabide justu demokratikoa eta behin betiko konponbidea" behar duela aldarrikatu zuten. Hala ere, horren ondoren "konfrontazioa betikotzen saiatzen" diren sektoreetatik aldarrikapen horrekin bat egin zutenen kontrako jazarpen birtuala gaitzetsi dute, baita bai Sare bai Etxeraten aurkako kriminalizazio saiakera salatu ere, "preso daudenen eskubideak defendatzea delitutzat hartu nahian". Halaber, konfrontazioari eta sufrimenduari ateak itxi eta elkarbizitzari eta benetako bakeari ateak irekitzeko lanean jarraituko dutela berretsi dute.

Horraino irakurri du, eta jarraian, zenbait hitzorduren berri eman die bertaratutakoei. Hilaren 28an, 19:00etan, omenaldia egingo diete Argi Iturralderi eta Iñaki Balerdiri. 21 urte beteko dira egun horretan Juan Carlos seme eta anaia bisitatzera zihoazela auto-istripuan hil zirela. Joxe Balerdi aita egun batzuk geroago hil zen izandako zaurien ondorioz. "Dena dispertsioagatik izan zen", gogoratu du Kastresanak. Halaber, martxoaren 3an, igandea, Teresategira joango dira, 11:30ak aldera.

Horrez gain, martxoan ez dute hilabeteroko protesta ekintza aurrera eramango, Ostiral Santuarekin bat egingo baitu. 

Azkenik, Sarek martxoaren 9an egingo duen Batzar Orokorrean parte hartzera  gonbidatu dituzte bertaratutakoak. Arabako Araia herrian aurrera eramango dute Andra Mari Zinema aretoan, 10:30ean.