Gazteen emantzipazioaren arazoa jorratzeko komitea sortu du Lasarte-OriakoGKSk

Txintxarri Aldizkaria 2024ko otsailaren 23a

Etxebizitza askorentzat arazoa bada, gazteei bereziki nola eragiten dien aztertzeko bilera egin du Gaztelekuan Lasarte-Oriako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS). Herriko gazteen egoeran sakondu eta errealitate hori gertutik landu nahi du taldeak. 

Egoerari buruzko zenbait datu eman ditu lehenik kideetako batek, arazoa testuinguruan kokatzeko. 2023ko datuen arabera, EAEn 16-29 urte bitartekoen emantzipazio tasa %15 da eta batezbesteko emantzipazio adina 30 urte, Europako beste herrialdeekin alderatuta "oso altua". Horren azalpenetako bat da batezbesteko soldata 1.005€ izanda batezbesteko alokairuarena 944€ dela. Hau da, soldataren %93,9. Gainerako gastuak gehituta, "soldata osoa baino gehiago behar da bizitza duin bat izateko". 

Udalak atzo iragarri zuen egungo kiroldegia dagoen orubean gazteentzako etxebizitzak egiteko duen asmoa. Gehienez, 80 pisu izango dira, baina komitean azaldu dutenez, herrian,  3.200 bat gazte bizi dira; hortaz, horien %2k izango du aukera, "bost urtez soilik". Gainera, nabarmendu dute, herrian erroldatuta daudenei begirakoa izanik, etorkinek aukerarik ez dute izango. 

Urtez urte, soldaten balioa jaitsi egin da eta horrek are gehiago zaildu du gazte langileen emantzipatzeko aukera; oinarrizko eskubidea izan arren, "batzuen interesengatik, pribilegio bat da". Sarrera eginda, bertan zirenen egoerak eta ezagutzen dituzten errealitateak partekatu dituzte. Besteak beste, bakarrik emantzipatzea ezinezkoa dela nabarmendu dute, beste bi edo hiru lagunekin partekatzera "behartuta" daudela, 300€-400€ ordainduta bakoitzak. Batetik, gazteek etxea partekatzearen "erromantizazioa" egiten dela uste dute, eta bestetik, egoera horrek eskubidea ere baden intimitate galera dakarrela. 

Etxegabetzeez ere aritu dira, horiek gelditzeko benetako irtenbideak ematen dituztenak etxebizitza sindikatuak direna azalduz. "Hortik horrelako komite edo taldeen garrantzia, erakundeen ezintasuna agerikoa delako". 

Etxebizitzen garestitzea, pisuen egoera "lotsagarria", ikasleen egoeraz aprobetxatzea, errentadunak, alokatutakoa berriro alokatzen duten maizterrak, Donostiaren egoerak inguruko herrietan izandako eragina... Lanketa egin ahal izateko hurrengo saiorako datuak biltzen ahalegintzea adostu dute.