KZL Ligako benjaminak izan ziren lehenak igerilekura jauzi egiten. 2015-2014 urteko haurrek bular estiloko 50 m. proba egin zuten eta 2013 urteko helduagoek 50 m. libre eta 100 m. bular.
Igeriketa taldeko hamabi gaztetxoek ederki egin zuten igeri eta bular estiloa ikasteko zail denez, arreta bereziaz jardun zirela azpimarratu dute prestatzaileek: "koordinazio orokorra modu egokian mantentzeaz eta arautegia betetzeaz gain, ostikada egiteko modu egokia zaintzean bereziki".

Gutxienekotik gertu
Jarraian Alebin Ligako laugarren hitzordua izan zen. 400 m. libre eta 100 m. bizkar proba sendoei egin behar izan zieten aurre taldeko zortzi igerilarik.
Proba luzean jarri zituzten gogoak Buruntzaldea IKTko kideek eta guztiek euren markak ondu zituzten. Taldeko hiru kide lehen postuetan izan ziren: Aiala Erro lehen postuan sailkatu zen 06.39,00a eginez, 2012ko haurren artean Aitor Ormazabal bigarren izan zen (06.27,61) eta Oier Jauregi (05.55,63) 2011n jaiotakoen artean hirugarren. Hirurek Gipuzkoako txapelketako gutxienekotik segundo gutxira geratu zuten kronoa.
Saio horren ostean, atseden txikia eginez, bizkar probari aurre egin eta txukun gainditu zuten lehia.