Agustin Valdivia alkateak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendari Pablo García Astrainek Gipuzkoako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egingo duen esku hartze berriaren xehetasunak aurkeztu berri dituzte. Alokairuko apartamentuak eraikiko dituzte; 60 eta 80 artean izango dira, eta apartamentu horiek, beren ezaugarriengatik, bereziki egokiak izango dira emantzipazio prozesuan dauden gazteentzako, baita "etxebizitza baten beharra" duten beste kolektibo batzuentzat ere. Udal korporazioak atzo arratsaldean, hilaren 21ean, aurrera eraman zuen ezohiko udalbaztarrean onartu dute gaia.
Etxebide Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza- zerbitzuan erregistratutako arrazoizko etxebizitza baten eskaria dela eta abiatu dute bi erakundeek Maialen Chourraut kiroldegiak libre utziko duen eremuan apartamentuek eraikitzeko prozesua, kirol-ekipamendua udalerriko beste leku batean eraiki ondoren erabiltzeari uzten zaionean hasiko dira eraikuntza lanekin.
Hitzarmenaren bitartez, Lasarte-Oriako Udalak 3.069 metro karratuko kirol ekipamendurako lurzatia doan utziko dio Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Departamentuari (udal kiroldegia jardunean ez dagoenean). Horrela, Etxebizitza saila arduratuko da plan berezia idazteaz, behar diren proiektuak egiteaz, kiroldegi zaharra eraisteaz eta eraikuntza lanak egiteaz. Beheko solairua, lehen solairua edo erdisotoa duten lokalak, etxebizitzak eta horiekin parekatutako garajeak eraiki ondoren, dohainik utziko zaizkio udalari, horiek erabil ditzan.
Bidebabar, jakinarazi dute eraikinaren azpialdean bi lokal eraikiko dituztela; horietako batera haur eskola lekualdatuko dute , eta, bestera, aldiz, Emakumeen etxea.
Bost urteko egonaldiak
Gehienez ere bost urtez bizi ahal izango dira maizterrak eraikiko dituzten apartamentuetan. Hilero alokairua ordaindu beharko dute, baina erakundeetako ordezkariek azaldu dutenez, horrek ez du gaindituko pertsonaren diru sarreren %30a. Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, bereziki gazteei zuzenduta dagoela nabarmendu dute, eta hori hala izanik, esleipen prozedura hasten denean, apartamentuen %40a, gutxienez, haiei bideratuko dietela azpimarratu dute. Eskaintza horretan parte hartu nahi dutenek Etxebiden izena emanda egon beharko dutela ohartarazi dute, eta, gaineratu, udalerrian erroldatuta daudenek lehentasuna izango dutela.
Basaundi bailarako birgaitze prozesua
Era berean, Lurralde Plangintzaren arloak Basaundi auzoko birgaitze integraleko proiektuan lan egiten du, eta hori ere izan dute mintzagai. Etxebizitza eraikinen birgaitzearekin, irisgarritasunaren hobekuntzarekin eta energia eraginkortasunarekin ari dira lanean, eta horrekin batera, 180 erabiltzailerentzako 266 eguzki plaka izango dituen instalazioa eraikitzearekin ere ari dira. Instalazio hori, gainera, energia autokontsumoko komunitate handi baten sorburua da Lasarte-Oriako Tokiko Energia Komunitatean.
Alokairu parke publikoa
Herrian osatu asmo duten alokairu parke publikoaren gainean ere hitz egin dute bi erakundeetako ordezkariek, eta, aipatu, Eusko Jaurlaritzak 44 etxebizitza kudeatzen dituela Alokabideren bidez. Etxebizitza horiek Bizigune programari esker utzi dituztela jabeek, alokairura bideratzeko. Halaber, 49 etxebizitza ditu eta 74 gazte izan dira Gaztelagun programaren onuradun hasieratik alokairuko merkatu librean errenta ordainduz, emantzipazioa errazteko.
Etorkizunean Cocheraseko eremuan eraikiko dituzten etxebizitzez ere hitz egin dute; bertako zenbait etxebizitza ere alokairu sozialera bideratuko baititu udalak.