Intzako pilotariek denetariko emaitzak izan dituzte azken jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 22a, 09:30

Intza pilota elkarteko kideetako batzuk lehen faseko azken jardunaldiak jokatzen ari diren bitartean, besteak fase berriko lehenari egin zioten aurre hilaren 16-18ko asteburuan

Infantil 2. mailako bikoteek, esate baterako, etxean lehiatu zuten txapelketako azken aurreko jardunaldia. (Neurketetako irudiak galerian)

Intza 2ko Itxaso Iparragirre eta Arkaitz Lasak Oiarpe 4 izan zuen aurrez aurre. Nahiz eta etxekoak ahalegindu, Oiartzungo bikotea 4-18 gailendu zen.

Oier Jauregik eta Ekhi Maizek osatutako Intza 1 bikoteak "espero baino errazago" gainditu zuen Hernani, 18-5.

Nagusien 2. mailako trinkete zein Udaberri txapelketako kideek, aldiz, lehen faseari agur esan zioten. Udaberri txapelketan sailkapeneko lehen postua izan zuen Intzako bikoak Legazpiren aurka. Jon Pello Artetxe eta Peru Urdanpilleta ederki jardun eta nagusi izan ziren, 22-9. Garaipenari esker, lehiaketako finalerdietan da Intzako bikotea.

Txanponaren beste aldea trinketean egon zen. Aritz Solano eskuetatik osatua ez zegoenez, Haritza Diaz De Gereñuk jokatu behar izan zuen hitzordua. Diaz de Gereñuk ez du modalitate honetako entrenamendurik egin aurten eta gainera, aurrean lehen postua jokoan zuen Behar Zanako Esnaola izan zuen. Ongi egin zion aurre erronkari, baina 40-13 galdu zuen Intzako kideak.

Eta maila batzuetan dagoeneko bigarren fasea martxan da eta 3. infantil eta 2. mailako alebinak Ekialdeko txapelketari ema diote hasiera. Ederki borrokatu eta saiatu arren, biek galdu zituzten euren hitzorduak Alde Zaharra (18-8) eta Kuku 1 (16-14) bikoteen aurka, hurrenez hurren.