Jubenil I. Mailako taldeek, puntuak eta igoera faseko sailkapena eskuan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 21a, 12:30

Lasarte-Oriako Jubenil I. Mailako futbol taldeek lehen faseko azken jardunaldia jokatu zuten hilaren 17an. Michelin kirol gunean. Ostadar B eta Texas Lasartearrak taldeek puntuak eskuratu zituzten euren norgehiagoka zailetan eta igoera faserako sailkatu dira biak. Ostadar SKT Ck atsedena izan zuen

Ostadar Bk multzoko buru amaitu duen Landetxa izan zuen aurrez aurre eta bina berdindu zuten. Aitor Igarrizen taldeak planteamendu zehatza zuen irundarrei aurre egiteko, ahulguneetan min egiten saiatu eta ongi joan zen.

Etxekoei kontraeraso batean lortu zuten euren lehen gola. Baloia talde urdin-beltzaren eremuan lapurtu eta Landetxaren defentsaren bizkarrera baloia sartu zuten. Bigarrena, aldiz, korner batean.

Irungo taldeak, aldiz, urdin-beltzen defentsa hutsak baliatu zituzten bitan atea zulatzeko. 

Berdinketaren puntuarekin Ostadar B lehen multzoko lehen lauren artean sailkatu da eta horrek igoera fasea jokatzeko aukera emango dio Aitor Igarrizen taldeari. 

Hurrengo fasea

Entrenatzailea pozarren dago taldeak egindako lanarekin: "Taldek gehiagora egin du. Hasiera zaila izan zen baina denak batera lanean emaitzak eta jokatzeko sentsazioak hobetzen joan gara. Bagenekin ez zela erreza izango baina ziur geunden lanaren bitartez egingo genuela".

Helburua igoera lehiatu eta bidean disfrutatzea dela onartu du entrenatzaileak. Horretarako "defentsa lana ondu eta automatismo batzuk fintzen saiatuko gara," adierazi du prestatzaile urdin-beltzak. 

Texas Lasartearrako gazteek ere lortu dute aurrera egitea, laugarren multzoko lehen izan dira. Azken neurketa baino lehen dagoeneko igoerako txartela zuten, baina bigarren sailkatua den Intxurre KKE Bren aurka ez zituzten indarrak gorde eta 3-1 gainditu zuten aurkaria. 

Igoera fasea sei taldeko lau multzotan banatuta jokatuko dute. Itzuli bikoitzera izango da (hamar jardunaldi) eta multzo bakoitzeko lehenak egingo du aurrera finalerdietara.

Ostadar C taldeak, aldiz, laugarren multzoko zortzigarren amaitu du fasea eta Gipuzkoako kopan izango da lehian.