Gazteen arazo eta kezkei modu kolektiboan aurre egiteko hitzordua jarri du Lasarte-Oriako GKSk

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 21a, 10:10

Buruntzaldeko GKSk zenbait hitzordu aurrera eraman ditu egunotan, eta hilaren 23rako beste bat iragarri du, Lasarte-Orian; Gazte langileek emantzipaziorako ezintasunaren aurrean komiteak deitu ditu hilaren  23rako. Gaztelekuan izango da hitzordua, 19:00etan

Gizartea polarizatzen ari dela nabarmendu du Lasarte-Oriako Gazte Koordinadora Sozialistak, eta honako adierazpenak gehitu: "Gehiengoa geroz eta pobreagoa den bitartean, gutxi batzuen eskuetan kontzentratzen ari da aberastasuna. Ezkerreko politikari profesionalek, gehienduenak gehien ordaintzearen lemapean, enpresarien logikari erantzuten diote, horiek irabaziak izaten jarraitzea ahalbidetuz". Horrela, jomuga enpresarien irabazietan jarri behar dela azpimarratu du, eta, gehitu, langileen izerditik lortutako irabaziak desjabetzea eta sozializatzea dela pobreziarekin amaitzeko modu bakarra. 

Gazte langileei "langabezia kronikoa, aldizkako lanak, behin behinekotasuna eta soldata baxuak" ezartzen dizkietela ere azaldu du, eta hori hala izanik, askorentzat "egoera gogortzen eta estutzen" ari dela ohartarazi du. "Bitartean, enpresari handiek inoizko irabazirik handienak izan dituzte. Gizarte kapitalista eta berau kudeatzen duten politikariek, ezintasunean oinarritutako bizi eredura kondenatzen gaituzte", gaineratu du. 

Bizi bitartekoak eskuratzea ere, geroz eta zailagoa dela ere aipatu du, eta, esan, prezioen igoeraren eraginez, langileen soldatak "geroz eta balio baxuagoa" daukala. Era berean, supermerkatuen egoera ere plazaratu du: "Horien irabaziak handitu egin dira. Eroskik aurreko urtetik, %70ean handitu ditu bereak".

Emantzipatzeko zailtasunak

Gazteek emantzipatzeko dituzten arazoez ere mintzatu da. Ohartarazi du oinarrizko gastuei eta alokairuari aurre egiteko, "bataz besteko soldata baino gehiago" bideratu behar dugu. Banketxeen egoerari ere erreparatu dio: "Errekorreko urtea egin dute. Espainiako bankuek 26.000 milioi euroko irabaziak metatu dituzte 2023an".

Bide horretan, enpresari handiei eta bankariei aurre egin, eta "ezarri dieten pobrezia eta askatasun eza gainditzeko" antolatu eta borrokatu behar dutela ere azpimarratu du, eta zentzu horretan deitu ditu hilaren 23ko komiteak, "egoera desnormalizatu eta errudunak seinalatzeko". Hain zuzen ere, Lasarte-Orian  gazteek emantzipaziorako duten ezintasuna landuko dute bertan: "Guztion ahoetan dago alokairuaren neurriz kanpoko prezioa, edota m2aren esklusibotasuna. Horregatik herriko gazteei deia zabaldu nahiko genieke komiteetan parte hartzeko. Eduki ditzaketen gaiaren inguruko kezkak eta arazoak modu kolektibo batean aurre egitera begira".