Giro ederra egon zen gurpil aulkiko Gipuzkoako Eslalom txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 20a, 15:00

Txapelketa berezia jokatu zen hilaren 18an Michelin kirol guneko pilotalekuan, Gipuzkoako Eslalom txapelketa gurpil aulkian. Bertara hurbildu ziren herritarrek parte hartzaileak animatu eta kirolarien ilusioa, emozioa, esfortzua eta sufrimendua ikusteko aukera ere izan zuten

Guztira 11 lehiakide izan ziren horietatik Ostadar Inklusioa taldeko zazpi, Kemen taldeko hiru eta Kantabriako parte hartzaile bat eta erlojupeko proba eta kanporaketa probari egin zioten aurre. 

Markaren arabera, Espainiako txapelketarako txartela eskuratu zezaketen kirolariek. Horregatik, irteera puntua utzi eta euren onena eman zuten senide, lagun eta Lasarte-Oriako herritarren aurrean. Ibilbideko oztopoak gainditu eta helmuga igarotzean ezpainetan zuten irribarreak esfortzuak merezi izan zuela adierazten zuen.

 

Txapelketa amaitu eta kirolari guztien lana aitortzeko korridorea egin zuten ikusleek, bideoan ikus daitekeen modura. Jarraian, oroigarria jaso zuten Goizane Pildain Lasarte-Oriako kirol batzordeburu zein Isaac Palencia Gipuzkaoko Foru Aldundiko Gazteria saileko zuzendariren eskutik.

Kirola eta jaiaz betetako eguna izateaz gain, oroimenerako eguna izan zen. Antolatzaileek eslalomean erreferente izandako Sergio Fernandez kirolaria ere ekarri baitzuten gogora.