EH Bilduren jardunaz eta aukerez aritu da Mertxe Aizpurua herritarrekin

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 16a, 19:57

'Erabaki etorkizuna' lelopean, Espainiako Kongresuko diputatu Mertxe Aizpuruarekin solasaldi irekia antolatu du Lasarte-Oriako EH Bilduk. Hogeita hamar bat herritar joan da Mirentxura ordezkari politikoa entzun, eta hala nahi izan dutenek, berain kezkak galdetzera. 

EH Bilduk dituen erronken gainean Uxue Loinazek egindako galderei erantzun die lehenik Aizpuruak. Azken aldian gauza asko eta azkar gertatu direla nabarmendu du diputatuak eta oraindik ere zabalik dagoen aukera leihoa aprobetxatzeko parada baliatu beharko luketela. Hiru ardatzetan kokatu du lor daitekeena: gatazkaren ondorena, gatazka soziala eta lurraldetasuna-nazio aitortza. 

Arlo sozialean "lorpen handiak" izan direla gogoratu du, pentsio, etxebizitza edota alokairuei dagokienean, EH Bilduk "presionatu" eta zenbait neurri hobetzea lortu dutela ere zehaztuta. Horri esker, Euskal Herrian eta hemendik kanpo alderdiaren irudia "hobetu" dela ere gehitu du. Lurraldetasunean, "apenas mugitu da ezer", baina agintaldi honetan bide bat martxan jartzeko aukera izango delakoan dago. "Prozesu luzea da. Konbentzimendu asko eta lan handia egin behar da. Babesa zabaldu eta herriaren planteamendua egin behar da; hemen zerbait erabakita eta babes nahikoa izanda, Madrilera joan". Hortaz, aurrerapausoak emateko garaia dela uste du.

Lau urteotan independentismoaren jardunak, bai katalanenak bai euskaldunenak, "erregimenaren josturak urratzen" ari dela uste du Aizpuruak. Madrilgo dinamiketatik urrunduz, fokuetatik kanpo, diskrezioz, aritzea nahiago izan dute abertzaleek. "Gauzak tenkatu" eta "mezuak bidaltzea" oso ohikoa bada ere, politika egiteko beste modu baten alde egin dute ,eta horri esker, gerora,  "fidagarritasuna, seriotasuna eta konfiantza" lortu dituztela sentitzen du Aizpuruak. "Dena ezin da kontatu, batzuetan zenbat eta gutxiago hitz egin, hobe".

Gobernatzeko aukera

Egindakoaz hitz egiteaz gain, etorkizunera begira ere jarri dira. Ustez laster deituko dituzten Eusko Jarlaritzarako hauteskundeei dagokienean, baikor da Aizpurua.  "Hauteskundez hauteskunde gora egin dugu eta gurekin gelditu den bozka da". Podemosek izandako "uneko esplosiotik" gaibeherara egindako bilakaerarekin alderatuta . lortutako bozkak mantendu, eta inkesten arabera, berriak gehituko dituzte. "Sendo" ikusten du EH Bildu eta herrietan egindako lanari esker, alkatetza eredu desberdina edota oposizioa egitekoa, jende askok koalizioa beste modu batera ikusten duela sinetsita dago.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritza gobernatzen ikusten duen galdetu dio Loinazek. "Zergatik ez? Gauzak gertatzen dira. Onena ez da goberna genezakeela edo goberna dezakegula. Denbora oso gutxian gauzak asko aldatu dira. Sinetezina zena duela gutxi, orain posible da: Goberna dezakegu. Uste dut horrek duela garrantzia". Aizpuruaren esanetan, "gobernatzeko beste modu bat behar du herri honek" eta horretarako bai prestutasuna bai jende ona badituztela. Hipotesia bete eta gobernatzen uzten ez badiete, "ez da drama bat izango"; baldintzatzeko gaitasuna izango baitute eta garaipenak berak testuingurua aldatuko duelako. 

Besteak beste, azken asteetan bolo-bolo dabiltzan beste bi gairi buruzko iritzia ere jakin nahi izan dute entzuleek: Amnistia eta Podemos-Sumar arteko harremana. Lehenengoa aurrera ez ateratzea "oso arraroa" izango litzatekeela argudiatu du, Junts Per Catalunyak baiezkoa eman beste alternatibarik ez baitu ikusten. "Bere hautesleek eta katalanek ez liokete barkatuko". Ezkerreko koalizioei dagokienean, berriz, egoera onera bueltatzeko "mirari" bat beharko dela uste du. "Hori bada tragedia bat, Espainiako ezkerrarentzat desastre hutsa". Hemen hauteskundeetan arerio izan badaiteke ere, aitortu du Sumar-Podemos indartsu egotea interesatzen zaiela, herrietan beste politika batzuk aurrera eramateko eta Espainian ezker indartsu bat izateko. "Porrotera doazela uste dut eta beste belaunaldi baten zain geratu beharko dugu", laburbildu du.