"Teo Xirimirin ondo ibili da"

Maitane Aldanondo 2024ko ots. 17a, 18:51

Eta bertso bazkari literarioan izan direnak ere, kronika hau idaztera bertaratu den kazetaria barne. Titularraren zergatia ulertzeko lerro batzuk irakurtzea ezinbestekoa izango da, baina merezi izango duelakoan piztu nahi izan du jakin-mina. Irakurle Txokoaren urteroko hitzorduan gai-jartzaile lanetan debuta egin du Aintzane Usandizagak. Taldearen dinamizatzaile lekukoa eman zion Uxue Alberdirekin batera, ohiko bikotea aritu da errimak asmatzen: Ane Labaka eta Maialen Lujanbio. Pasartez eta bertsoz jositako ia bi orduko saioan, barrea izan da hirugarren harimuturra. Nola ez zuen ondo pasatuko, bada, ipuinetako ilegorriak?

Bederatzigarren bertso saio literarioa antolatu du Lasarte-Oriako Irakurle Txokoak. Batzuetan, bazkaria, beste batzuetan, afaria, nahiz eta otorduaz harago –esan dutenagatik merezi izan du– ostean egosten da kronika hauen mamia. Iaz berritasuna eguerdiaren aldeko hautua izan bazen, aurten, gai jartzailea izan da. Aintzane Usandizaga idazleak hartu du ardura hori, ikasturte hasieratik literaturazaleen topalekua dinamizatzekoa hartu zuen moduan, eta "esperimentuak" emaitza ona izateko nahia adierazi du zereginari ekitean. Bertsolariak, berriz, hitzordu honen klasikoak dira: Uxue Alberdi, Ane Labaka eta Maialen Lujanbio. Lau ahotsetara sortu dute narrazioa. Korapiloak izan dira, baina ez dute esperotako amaiera zapuztu. Azken orrira jauzi egin aurretik, ordea, has dezagun kontaketa dagokion lekutik.

Platerak jasota, Xirimiriko mahaietan lore sortak zituzten ontzitxoak eta liburuak zeuden. Irakurle Txokoko bi kidek animatu dituzte mahaikideak beldurrak alde batera utzi eta taldean parte hartzera. Usandizagak agurtu ditu bertaratutakoak eta hiru bertsolariei eman die hitza gauza bera egin zezaten. "Jolasera" etorri da Alberdi eta bertsolari trajea "sartzen" ote zitzaion zalantza bazuen, laster uxatu du. Labakak "beti berdinak" badira ere, saioa beti "desberdina" dela nabarmendu du, eta Usandizagaren izenburuei tiraka, aurreratu du ahalegina egingo zuela "zomorrotzeko gure kabitu ezina". Lujanbiok, berriz, "ilusioa eta ongi egin nahia" ekarri ditu, eta azken urteetan errepikatzen den ideia bat ere "mimosa loratzen denean da Lasarterako garaia". 

Liburuetan dago dena

Lehen gairako ezaguna zaion bat hautatu du lasarteoriatarrak, Irakurle Txokoko kide bilakatu baitu hirukotea: Labaka, beteranoa; Lujanbio, irakurle ezagunak datozenean batez ere azaltzen den irakurle-intermitentea, “Euskadi sari batekin selfiea ateratzeko aukerarik galdu gabe”; eta Alberdi, saioen nondik norakoez ez dakien kide berria. Saiatu da beteranoa hasiberria lasaitzen, 8. mailatik liburu bat amaitu ez duela aitortu duen Lujanbioren kezka, aldiz, bere argazki bilduma elikatzea zen.

Hurrengo ariketarako gaiaren abiapuntua, eta saioko beste hainbatena, ikasturteko irakurgaietan topatu du Usandizagak. Horiek mahaietan utzitakoak ere baziren. Pasarte bat irakurri eta hortik atera du proposamena, beti buelta bat emanda. Sherwood Andersonen Winesburg, Ohio laneko pasartetik abiatuta honakoa egin du: Alberdi giza harremanetan moldatzen ez den idazlea da, pixkana harremanak eten eta berak sortutako Ane pertsonaiarekin bakarrik hitz egitea erabaki du. Labakak ahotsa eman dion pertsonaia horrek, ordea, badoala esan dio. "Hau ez da punto koma, Uxue, da punto. Hurrengo liburuan ez naiz agertuko”. Ez du onartu, ordea, egileak: “Nik ekarriko zaitut orrialdetara eta ibiliko zaitut hemendikan hara, egunez edo gauez, nahi dudan gisara. Beste inor ez baina, zu nirea zara”. “Ba nik defendatzen det nirea naizela, suizidatzera noa, ezin zen bestela. Beraz, idatzizazu zuk nire eskela. Ezin naiz berragertu 'Goenkalen' bezala”. Azkeneko erantzunean plot twist edo istorio bira bat egin du elgoibartarrak: "eta azkenerako neuk egin dut alde, ni suizidatu naiz ta zu bizirik zaude”.

Garazi Arrularen Lurraz beste orrien artetik Habitat ipuinak iradokita, Lujanbio eta Alberdi parez pare bizi diren "espectacular vivienda" eta "coqueto apartamento" bilakatu dira. "Zergatik pasatzen duzue eguna elkarri begira?". Erantzuna bilatu dute bakoitzak duena eta ez duena nabarmenduta. Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa-ko Prozesionaria kontakizunak, aldiz, orain arte eman ez dituen ezezko guztiak gaur botatzeko lana jarri dio Labakari. Irene Pujadas-ek Puskak liburuan, porrot egindako zenbait topaketa zerrendatzen ditu Ez zen gertatu: bilduma bat narrazioan. Halako batean elkartu dira Xirimirin Y (Alberdi) eta X (Labaka). Lan kontratu bat zuen Yk Xrentzat, bazkariko solasaldiaren ondorioz, autonomo izaten jarraituko du. Idoia Garzesen Mendiko gaitzak liburutik abiatuta, Usandizagak gizadiaz nazkatutako Lujanbiori borda batera ihes egiteko poltsa prestarazi dio bi gauza praktiko eta kapritxo batean artean aukeratzera behartuta.

Jolasak, hitzetatik harago

Oihana Aranaren Lazunak azkazaletan poema bildumako labur bat irakurri du gai jartzaileak. Puntu eta koma izan nahiko lukeela dio egileak eta lasarteoriatarrak eskatu dio bertsolari bakoitzari bere burua zein puntuazio ikurrekin lotzen duen paper batean marrazteko, beste inork ikusi gabe. Zeregina nahikoa erraza zenez, Alberdik asmatu behar izan du bi kideek hautatutakoa. Hernaniarra, kakotxak: "azpi-esanahien azpi-esanahiak zehaztu nahiko lituzke". Oker. Etenpuntuak aukeratu dituela argitu du: "Ezer ez dela inoiz bukatzen adierazten du, tira. Puntualizatu leikeela dena, denak daukala segida. Azpi-esanahien azpi-esanahiak ondoren idazten dira".  Etenpuntuak Labakarentzat omen zituen gordeak Alberdik, beraz, puntua egokitu dio. Berriro, oker. “Lehenago beti puntu bat nintzen, beti sendo, beti harkaitz. Duela zazpi hilabetetik, baina, galdera ikur bat naiz”. Azkenik, bere burua parentesi erditzat jo du: "Parentesi erdi bat nauzue, baina erdia bakarra. Irekitzeko oso ausarta naiz, baina ixteko koldarra”. 

Erreferentziazko irakurketarik gabeko gaiak ere izan dira: Literatur Txokoaren hamargarren urteurrenean ekimena bultzatzeko ideia zaparrada, gezur edo egia behartu bat kontatu beharra, gazteen irakurzaletasuna bultzatzeko esan behar ez direnen zerrenda, edota parrandan topo egin dute kultur alorreko bi ezagunek aitortutako irakurri ezin izan dituztenak. 

Idazteko gaitasunaz gain, gaiak asmatzekoa ere baduela erakutsi du Usandizagak. Are gehiago, jolasak ere. Behin-behineko izena Liburuzaina eta irakurle despistatua du; ustez eta itxuraz arau errazekoa, lehenengoz jokatu dutenek, agian, beste iritzi bat izango badute ere. Txandaka aritu dira bertsolariak: behin, liburuzain, behin, liburu zehatz baten bila. Onargarri eta erabilgarri ez diren pistak zeintzuk diren azalduta hasi da jolasa. Lasarteoriatarrak liburu bat atera du aldiro poltsa batetik, eta liburuzainari izan ezik gainerakoei erakutsi. Irakurle despistatuak bere galderei erantzunez edo zenbait datu emanda, asmatzen “lagundu” behar zion. 

Zein da liburua?

Alberdi liburuzainak Labakaren lagungarriak entzun ditu: Azala grisa edo iluna, duela urte gutxikoa, jatorrizkoa, bertakoa. Bizkaian bizita "bertakoagoa" duela esan duenean, Alberdik Miren Agur Meabe bota du. Ez du asmatu, baina erabakigarria izan da. "Ez, izan zitekeen Meaben alaba" eta "bere amak eta Meabek antza pixkat dute" bertsoekin asmatu du elgoibartarrak. “Bale, orduan, 'Basa' da. Hala esango nuke”. Bai, Miren Amurizaren eleberria zen.

Nahiko erraz eta azkar joan bada lehena, bigarrenarekin erabat katramilatu da Lujanbio liburuzaina, Alberdiren barrea eta entzuleen algara behin baino gehiagotan eraginez. Konfiantza eman nahian ezagutuko duela baieztatu dio pista emaileak. Portadan aurpegi bat du, nobela ilustratua da, euskaraz, kolore bizikoa, helduentzat... Orduan konturatu da hernaniarrak uste zuela irakurlea bera zela. Rolak argituta, jarraitu dute jolasarekin. Euskaldunek idatzia, idazleetako bat lasarteoriatarra, Euskadi Saria irabazitako bat. Hori entzutean protagonista surflaria ote den galdetu du Lujanbiok, baina horrek irabaztekotan aurten jaso dezakeela erantzun dio Alberdik. "Eske abantzatuta ibiltzen naiz beti",  ironiaz zuritu nahi izan du bere burua Lujanbiok, artean ez zekien egia biribila bota berri zuela. Pista berri bat: Gure mito bat dauka. "Gure mito bat zer zen? Teo, ikastolan?". Beste bat: azal hori eta urdina. "Gure liburutegian hori ez daukagu", amore eman du. "'Martxa baten lehen notak', esango det klaro". Eta orduan bai, Unai Iturriaga, Joseba Larratxe eta Harkaitz Canoren Ni ez naiz Mikel Laboa zela jabetu da. 

Eta hementxe dator guztiaren azalpena: Labakak asmatu beharreko liburua. Txalo eta barre eztanda izan dira Usandizagak erakutsi duenean. Asmatzen saia zaitezke, irakurle. “Berriro agertu naiz oso banguardista”, bota dio Lujanbiok. Best seller-a, hemengo ia denek irakurri dute, guraso gisa ere irakur liteke, umeentzat, mezu sakonekoa, kontzeptu asko landu izan ditu. Hor Labakaren proba: “Oteizarena al da?”. “Hori ere izan liteke, Alzuzan balego”. Izenburu landua, izena motza eta ondoren luzea, liburu karratua, tapa gogorrekoa eta nahiko fina, bisita ditzakezu espazio asko, Wallyren antzekoa. “Orain ni naiz Wally, bai galdu petoa”.  Umeentzat pertsonaia polita, udalekutan, mendian edo baserrian... Orduan, aurkitu du erantzuna: Teo. Udalekuan, zehazki.

Azken lerroak

Azken ariketa gairik gabe egin dute eta segida horretan aipatuena izan da ilegorri abenturazalea. Ginga pertsonaia gogora ekarri duenak jarri du: "Gaur, Teo, Xirimirin ondo ibili da". Gai jartzaileari harridura marka egokitu diote eta egindakoa txalotu,  bertsolari izateko garaiz dagoela gogoratuta. Xirimiriko hormetako zapiez hitz egiteko ere eman die. Atzean zuten Izan Inurrikoa budistena zela esan du Lujanbiok, Labakak lepoa tapatuz janztea proposatu dio, eta Alberdik "Nepalen eta hemen moda-modakoa" dela argitu.

Lehen txalo zaparradaren ondoren, agurrekoak bota dituzte. "Norbere herrira bueltatu eta bizitzari kantatzea" abestu du Labakak hunkituta. Lehenago ez bada, ziur datorren urtean, mimosak loratzean, beste aukera bat izango duela. 

 

 

Erlazionatuak

Ezezkoak eta prozesionariak

Txintxarri Aldizkaria ots 17 Kultura