Negozio bat irekitzean ezjakintasuna kudeatzen jakitea ezinbestekoa da. 1924an egun Ormazabal Loradenda dena abian jarri zutenean ametsa izan zitekeena egia bilakatu da. Zenbat gazi-gozo, oinaze eta lan pila daitezke 100 urtean? Mendebete osatzen duten urteak baino gehiago, ziur; baina oreka ekarri eta jarraitzeko indarra dakartenak baino gutxiago ere. Martxan jarraitzea belaunaldiz belaunaldi egindako lanaren eta herritarren konfiantza lortu izanaren seinale da, eta aurrera begiratzen jarraitzeko oinarri sendoa. Ahulezia nabari badute inoiz, gaurkoa gogora dezatela.
Dianari ekin aurretik elkartu dira txistulariak dendaren Kale Nagusiko atarian. Eskertza eta zorion hitzak gurutzatu dituzte talde argazkiaren ondoren, eta lehen pieza jo dute. Pareko espaloiko Balerdi harategiko langileek "zorionak" oihukatu diote eta txaloak entzun dira. Eguna izango zenaren laburpena. Abiatzear zirela norabideaz galdetu die saltzaileak musikariei, eta Goikokalen hutsik ez egiteko esan die. "Lasarteko kale garrantzitsuena da". Bertan bizi direnak bat datoz.
Ordubete geroago, txistulariak Okendo inguruan bazebiltzan, Ormazabal denda aurrean zen berriro. Orain, ordea, dotore jantzita, bide beretik jo duten Koro Ortega emaztearen, Julen eta Gaizka semeen, eta gainerako senideen zain. Argazkia egin eta komenturantz abiatu dira. Bidean pare bat ezagunekin egindakoa, bertaratutako ia guztiekin egin dute atarian; gerturatutako guztiak agurtu baitituzte. Besteak beste, EH Bilduko alkategai Estitxu Garmendia eta Pablo Barrio alkate ohia, EAJko hiru zinegotziak, Jon Antxordoki, Goizalde Pildain eta Ainara Elicechea.
Txistulariek osatutako bide erditik sartu dira elizara, senar-emazteak buru. Eliza barruan, Felix Garitanok agurtu ditu lehen ilaretan eseri diren omenduak. Harekin hizketan ari zela iritsi da PPko zinegotzi Jose Manuel Palacio eta agurtu du, baita koruan zeuden mojak ere. Ana Urchuegia alkate ohia ere izan da ormazabaldarrak gogoan izan dituen elizkizunean. Amaieran, hitz batzuk irakurri ditu saltzaileak, eta ezustean, bai Pello anaiak bai Julen semeak Agurra dantzatu dute. Irtetean, bigarren sorpresa: vespak, gaita jotzaileak eta sei dantzari, Gaizka semea eta haren bikote Laura Trinanes, tartean. Muñeira bat dantzatu diete omenduei eta Ana Laureanok zapi bana jarri die, baita kapela Ormazabali ere.
Tarte batez jendea agurtzen egon ondoren, Okendora abiatu dira. Iristean, herritar ugari zain zeuden, baita Erketzeko dantzari talde bat ere. Ezpatak eskuetan, arku bat osatu dute haren azpitik pasa zedin familia. Agintariak besarkada batekin agurtu dituzte, tartean, udal ordezkariak, Agustin Valdivia buru; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantza Tapia edota Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Eider Mendoza. Berriro Agurra dantzatu diete eta oparitu berri zioten kapelaren ordezkatzeko txapela bat Ormazabali eta zapi bat Ortegari.
Herriko historiaren lekuko
Plazatik elkarrekin igo dira Mertzero gunera. Han, Alboka abesbatzako kideak, albo batean, Zero Settekoak, aurrealdean, eta jende ugari zuten zain. Lepo bete da aretoa. Aurkezpenaren ondoren, ongietorria eman die denei Ormazabalek. Iñigo Urkullu lehendakariak bidalitako gutuna irakurri du eta birraitona-amonek abiatutako bidea gainbegiratu du. Gerra, uholdeak, industriaren krisia, lantegien itxiera... Denda erabat suntsitu zuten 1997ko uholdeak eta pandemia nabarmendu ditu. Herritarren elkartasunak eta erakundeen laguntzak aurrera egiten lagundu zien. "Pozik gaude herriari emandakoaz, baina, batez ere, herriarengandik jasotakoaz". Herrian lekututako denda soilik bakarrik izan beharrean, "herriarekin bat den familia negozia izatea izan da gure helburua" eta horretarako bidea izan da erakusleihoa, herritarrekiko komunikazio bide bilakatuz eta kirola, kultura eta euskara sustatuz.
"Herriak hiltzen ez uzteko ahalegina eta erantzukizuna denona da", baina erakundeei eskatu die ahalegina; belaunaldi erreleboaren arazoari erantzuteko proiektuak eta laguntzak koordina ditzatela, gazteengan merkataritzarekiko interesa pizteko. Esker hitzak ere izan ditu, askorentzat, herriko alkate izandakoak, merkatari erakundeak, herrikoa elkarteak eta, nola ez, Aterpea "maitearentzat". Eguneko zenbait unetan hezetu zaizkio begiak merkatariari, baina malkoetatik gertuen egon da "Maritxu" ama gogoratzean. "Zauden tokian, historia hau zugatik da. Eskerrik asko, ama".
Txoria txori hunkigarria interpretatu dute Albokak eta Zero Settek, hitzetan entzundako ibilbidea iruditan ikusi aurretik. Jarraian, Xalbadorren heriotzean eskaini dute bi taldeek. Musikaren ondoren, hitzaldien unea heldu da. Lehena, Gipuzkoako Merkatarien Federazioko ordezkari Maite Balmaseda izan da. Urtetako harremanetik Ormazabal eta Ortegaren balioak nabarmendu ditu: "Lasarte-Oriarekiko eskuzabaltasuna, eguneroko lana, familia legatua, une zailetan izandako fedea eta ezaugarritzen zaituzten pasioa". Beti, une on eta txarretan, alboan egon izana eskertu die bueltan saltzailean.
Jaietako omendu?
Mikro aurrean jartzen hurrengoa, Aterpea elkarteko lehendakari Mabel Pedreira izan da. Egun pozgarria dela esan du eta iraganean, orain eta etorkizunean erreferente izatea eskertu die, baita belaunaldi gazteentzat eredu izatea opa ere. Hitzok esanda, elkarteko kideak aurreratu eta opari bat eman diote Ramoni: Ormazabal abizenaren armarria. Argazkia egin dute elkarrekin, eta eseri aurretik, sanpedroetako omendu izatea proposatu du Pedreirak, izan ere, "herri gutxi harro egon daiteke horren bizitza luzeko merkatalgoa izateaz".
Iradokizunari kasu egingo dion ez du erantzun segidan hitz egin duen Agustin Valdivia alkateak; nahiz eta bere hitzetan onartzeko arrazoiak eman dituen. Saltokiaren eta udalerriaren historia eskutik helduta doaz, "Ormazabalek zuzeneko lotura du Lasarte-Oriaren historia, garapen eta hazkundearekin". 38 urteko herri gaztean, ehun urte osatu dituen familia negozio bat izatea "pozgarria" dela uste du eta merkatariek herriaren alde egindakoa nabarmendu du. "Ramon, badakizu Lasarte-Oriako Udalak gure herriari bizia ematen dion ehun gisa merkataritzari ematen dion garrantzia" eta aitortu ditu Ormazabalek zehazki "herria gune bizia izateko" aurrera eramandako hamaika ekimenak. "Denda bat baino gehiago da".
Tapia sailburua izan da hurrengoa. "Erronkei erantzuten jakin izan dien familia" direla nabarmendu du, halako ibilbideak "egokitzeko gaitasuna, malgutasuna eta erantzuten jakitea, bai negozioarenak bai herritarrenak" erakusten baitu, bereziki, sorrerako eta egungo negozioaren arteko aldea ikusita. Merkataritzak herriari bizia ematen dio, baina aurrera egiteko herritarren inplikazioa ere behar duela gogoratu du. "Guk ere lagundu behar diegu aurrera eramaten eta hurrengo urteetan ere jarrai dezan denda honek eta orokorrean merkataritzak".
Mendoza diputatu nagusiak itxi du hitz hartzeen txanda. "Ehun urte ez dira egunero ospatzen. Honek adierazten du komunitate sendo bat dagoela Lasarte-Orian", baieztatu du, iraupenari ekitaldian zehar ikusitakoa eta bertaratu den jendetza argudioa berresteko froga gisa gehituta. Une goxo eta gogorretan komunitateari esker aurrera egin izanak, "emateko gaitasuna eta ematean jasotzen dela erakusten du".
Lierni Rekondok bertso bat abestu die eta hitzak jasotzen dituen plaka bat oparitu. Errepikatutako eskuzabaltasun eta emateko gaitasun horri helduta, Ormazabalek eta Ortegak oroigarriak banatu dizkiete hainbat eragileri, besteak, beste, TXINTXARRIri. Halakoetan tokatzen den Zorionak zuri abestu diete aretoan zeudenek, eta gero, zutik jarrita, Lasarte-Oriako ereserkiarekin amaitu dute. Bertaratutakoek mokadu bat jan eta hizketarako tartean izan dute ondoko aretoan. Batekin eta bestearekin egon ondoren, eskuak opariz beteta eta bihotzak gainezka, familia bazkarira joan dira omenduak. Etorriko denaren lehen mugarria besterik ez da izan gaurkoa, ospatzen jarraitzeko beste aukerak etorriko baitira.