Ados Teatroa antzerki konpainiaren bulegora igotzeko eskaileretan atera dugu "promozio" argazkia, hitzordu hau iragartzeko: hilaren 24an aurrera eramango du Lagun beltz asko ikuskizunaren emanaldia gure herriko kultur etxean, 20:00etatik aurrera. Txoko hori bada, nolabait, talde horren historiaren errepaso bat, erakusketa bat, ikuskizunak iragartzeko kartelez beteta baitago. 1994an sortu zuten proiektua Garbi eta Koldo Losada anai-arrebek eta lehenengoaren senar Jose Antonio Vitoria zinema zuzendari eta gidoigileak. Autoretza obra propioak ala beste batzuen lanen adaptazioak izan, pentsa zenbat emanaldi egin dituzten ordutik...
Lasarte-Oriara ekarriko duten ikuskizuna 2022tik ari dira aretoz areto erakusten. Emanaldi hori iragartzeko argazkian Vitoria bera eta Ione Zabala atera dira, Ados Teatroan iazko urtarriletik produkzio lanetan diharduen lasarteoriatarra. Berarekin eta Lagun beltz asko-ko hiru antzezleetako bat den Asier Sotarekin hitz egin du TXINTXARRI-k, antzezlan horretaz eta antzerki taldearen gainerako egitasmoetaz.
"Familiako, etxeko giroko" konpainia batekin topo egin du Zabalak, esku artean duen guztia "mimo handiz" lantzen duen talde batekin. Bere eguneroko jarduna, hitz batean laburtzekotan, "antolakuntza" litzateke. Bestela esanda, ikuskizunen produkzio lana, oholtza gainean ikusten ez dena: barne eta kanpo eragileekin harremandu, antzezlanak aurrera eramateko giza baliabide nahiz teknikoak kudeatu (landa ekoizpena), dirulaguntzei adi egon, sare sozialak kudeatu, sormen lan batzuk egin... Herritarraren errutina ez da bereziki lasaia, baina "oso gustura" ari dela kontatu du eta "sorpresa ederra" eraman duela konpainia hori barrutik ezagutu duenean.
Giza Eskubideak Eszenara
Ados Teatroak 2016tik aurrera eramaten du Zabala asko motibatzen duen proiektu bat: Giza Eskubideak Eszenara. "Arte eszenikoen bidez giza eskubideei buruz hausnartzen dugu: sektoreko profesionalen eta kolektibo zaurgarrietako kideak lankidetzan aritzen dira eta ikuskizun bat sortzen dute elkarrekin, gidoietik hasi eta eszenatokira eraman arte", azaldu du.
Elkarlan horren azken fruitua Inor ez dago urrun / Nadie está lejos diziplinarteko ikuskizuna izan da. Dokumental bat ekoiztu zuten lehenengo eta kalean edo "antzerkiaz kanpoko espazioetan" ikusteko performance bat gero. "Pobrezia, etxegabetasun edota zaurgarritasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonekin batera landu dugu".
Ados Teatroan bakarrik ez, saltsa gehiagotan ere badabil herritarra. Batetik, diziplina artistiko desberdinetan dabiltzan herriko zenbait emakume sortzailek eratutako Ihitten elkartean (Emakumearen Zentroko ikastaroen eskuorriko ilustrazioak egin ditu berriki, adibidez), eta, bestetik, margolaritza eskolak ematen Urnietako Lekaio Kultur Etxean. "Lasarte-Orian ere egin nahiko nuke horrelako zerbait, oso pozik ari naiz".
Jokabidearen kodeak arakatzen
Gure herrian irakasle izandakoa da Asier Sota donostiarra: ez margolaritza saioak ematen, antzerkikoak baizik, Kukuka eskolan. "Maitasun handiz" gogoratzen du garai hori: "Bi talde izan nituen, Lasarte-Orian bat eta Añorgan bestea. Biekin bizitakoak goxo gordetzen ditut memorian: egiten genituen lanak guk sortzen genituen, harremana oso polita izan zen, eta, esperientzia, zoragarria".
Antzerki irakasle izan ala antzezle gisa jardun, batak ez du zerikusirik bestearekin. Bigarren zeregin hori burutzen du Sotak Lagun beltz asko piezan. "Arrazakeriaren gaia hainbat modutan islatuta ikusi dugu. Niretzat, lan hau berezi eta beharrezko egiten duen kontua da desberdinekiko dugun jokabidearen kodeen barruan sartzen garela, gure kasuan, kanpotarra den pertsona batekiko ditugunetan". Luis tabernariaren papera egiten du donostiarrak. Aspaldiko lagun bat, Xabier (Asier Hormaza), bisita egitera joango zaio, bere bizitza pertsonalean gertatu zaizkionak kontatzera. Luisek azkar itxi nahi du baina Xabierrek han geratu, hitz egiteko. Bat-batean, afganiar jatorriko gizon bat (Ramon Ibarra) sartuko da eta dena nahastuko du. "Bi adiskideek hirugarren pertsona horrengan klixe mordo bat proiektatuko dituzte nahiz eta ez duten ezertaz ezagutzen. Errazagoa zaie estereotipoen arabera epaitzea kanpotar hori, berarekin hitz egin eta ezagutzen saiatzea baino".
Orain arte egindako emanaldiek "harrera ona" izan dutela esan du Sotak. "Jende dexente etorri da Lagun beltz asko ikustera eta denbora azkar pasatzen zaiela esaten dute. Gainera, ikus-entzule asko ukituta atera dira aretotik".
Sotaren ustez, horretan eragina du emanaldia zuzenekoa izateak. "Arte diziplina edozein izanda ere, horrelako saioek beste indar bat dute, telebista edo zinema pantaila batek transmititu ezin ditzakeen harremanak". Horrekin ez du esan nahi filmak edo telesailak ikusi behar ez direnik, baizik eta euskarri guztiei tokia egin, adibidez, antzerkiari. "Bidaia gogorra baina polita egiten dugu Lagun beltz asko-n; merezi du ikusteak".