Lasarte-Oria udalerri bilakatu zenetik 38 urte bete dira gaur

Txintxarri Aldizkaria 2024ko otsailaren 15a

1986ko otsailaren 15ean sortutako batzorde kudeatzaileko kideek gidatu zituzten Lasarte-Oria udalerri independente gisa eratzeko pausoak. Ama Brigitarren komentuan egin zuten aurreneko batzarra, Ana Urchueguia sozialista lehendakari izendatuta. Ekitaldi horretan gauzatu zuten bizilagunen ametsa, herri independente batean bizitzearena. Urtemuga gogoratzeko, Lasarte-Oriako Udalak gure herriaren bandera jarri du udaletxe zaharreko balkoian.

Batzorde horretako kideak hauek izan ziren:

  • PSE: Ana Urchueguia, Antonio Herranz, Froilan Elespe, Angel Barrera, Jose Luis Lopez, Jose Mari Urdanpilleta, Martin Moreno eta Ramon Lopez.
  • EAJ-PNV: Juan Ignazio Izeta, Pello Sasiain, Juan Jose Yarza, Pedro Mari Illarreta eta Pedro Ormazabal.
  • HB: Victorio Herrera, Jesus Agirretxe, Ignazio Eskisabel.
  • EE: Marisa Martin.

Ordezkaritza zuen talde bakoitzak hitza hartu zuen, eta horren ostean, alderdi sozialistak hautagai bakarra aurkeztu zuen lehendakari izateko: Ana Urchueguia. 1987ko maiatzeko udal hauteskundeetara arte, batzorde horrek gidatu zituen herriaren lehen urratsak. Lasarte-Oria udalerri independente gisa eratua izan zenetik, lau alkate izan ditu: Ana Urchueguia, Jesus Zaballos (PSEkoak biak), Pablo Barrio (EH Bildu) eta Agustin Valdivia (PSE-EE). Azken honek 2019ko abenduan hartu zuen kargua, Zaballosek dimititu eta gero.