Nahia Zudaire maila onean jardun da Bartzelonako Nazioarteko trofeoan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko otsailaren 15a

Nahia Zudaire (eskuineko lehena), igerilekura jauzi egiteko prestatzen. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Igeriketa egokitutako Bartzelonako 9. Nazioarteko Trofeoa lehiatu da hilaren 10ean eta 11n. Hitzordua AXA Ligako lehen jardunaldia ere izan da. Estatuko kirolariak batu ditu eta Buruntzaldea IKTko Nahiz Zudaire ere izan da bertan igerian

Zubietako gazteak lau probatan parte hartu zuen eta bere mailako (S8, SB7 eta SM8) lehen postuetan izan zen 400 m. libre eta 50 m. bular probetan.

Lehenean A finalerako sailkatu eta garaile izan zen 05.09,50 marka eginez.

B finalean izan zen 50 m. bular proban eta saio horretan lehen sailkatu zen 44,58 denbora eginez. Sailkapen orokorrean bederatzigarren izan zen. Buruntzaldea IKTko prestatzaileek egindako marka azpimarratu dute: "SB7 klaseko Europako errekor gisa duen 44,07tik oso gertu dagoen marka da".

Gainerako bi probetan sailkapen saioetan aritu zen Zudaire;  200 m. libre proban 02.38,19 egin zituen eta 50 m. libreetan, 35.28.

Txikiak lehian

Eta hilaren 17an, Buruntzaldea IKTko txikiak igerilekura jauzi egiteko txanda izango da Hernanin.

Arratsaldeari hasiera emateko KZL ligako hitzordua izango dute benjaminek eta ostean, alebinek ligako laugarren saioa lehiatuko dute.

Estilo libre, bular estilo eta bizkar estiloko saioei egingo diete aurrea igerilari gazteek eta txikienek gainera tximeleta estiloko erreleboa izango dute.