Herritarrak pistako zein kroseko podiumetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko otsailaren 14a

Eider Redondo (ezkerreko irudian, erdian ) eta Hodei Murgiondo (eskuineko irudian, ezkerrean), podiumetan. Arg.: Ostadar SKT/J. Murgiondo.

Herriko atletak gazteek eta lasterkariek bi hitzordu garrantzitsu izan zituzten; 16, 18, eta 20 urtez azpiko Euskadiko txapelketa eta Basauriko krosa. Bietan podiumera igo ziren lasrteoriarrak

Lasarte-Orian Inauteriak ospatzen ari ginen bitartean, herriko atleta gazteek 16, 18, eta 20 urtez azpiko Euskadiko txapelketari egin zioten aurre hilaren 10ean, Donostian. Ostadar SKTko kideez gain, Real Sociedad taldean dauden Alex eta Ibai Alkain anaiek zein Naroa Elvirak eta Atletico San Sebastian taldeko kide den Hodei Mugiondok parte hartu zuten proba ezberdinetan eta ederki jardun ziren; guztira 11 domina jantzi zituzten.

20 urtez azpiko mailan luzera jauziko podiumean izan ziren bi herritar; Alex Alkain bigarren (6,47 m.) izan zen eta Ostadar SKTko Unax Riezu hirugarren (6,31 m.). Riezuk jauzi hirukoitzeko urrezko (12,05 m.) domina ere eskuratu zuen.

Azken proba horretan, baina 18 urtez azpiko mailan, nagusi izan zen Ostadar SKTko Oinatz Almagro (13,06 m.) eta taldekide June Garcia (10,70 m.) laugarren izan zen.

Kategoria horretan, Ostadarreko hiru kide brontzezko mailara igo ziren. Aiala Ramos eta Aitor Eizaguirre pisu jaurtiketa proban eta Iraia Alkorta 60 m. lasterketan.

16 urtez azpiko gaztetxoak ere primeran aritu ziren. Ostadar SKTko Eider Redondo bitan igo zen podiumera; luzera jauzi proban garaile (5,18 m.) izan zen eta 60 metro hesi lasterketan bigarren (09,56). Eta taldekide Kevin Pinzak ere urrezko domina jantzi zuen pisu jaurtiketan (9,86 m.).

Horiez gain, Hodei Murgiondo herritarra hirugarren (2,45 m.) izan zen pertika jauzi proban.

Eskuratutako marka pertsonal berrien artean, azpimarragarria da Eider Redondok 60 m. hesi lasterketan lortutako denbora; horri esker, Espainiako txapelketarako sailkatu daiteke atleta gaztea.

Basaurin ere podiumean

Lokatz artean izan ziren herritarrak ere lehian hilaren 11n. Kirolaren Europako Saria Basauri Krosa jokatu zen Bizkaiko herrian eta bi herritar maila ezberdinetako bigarren maila igo ziren podiumean, Aloña Mendiko Jon Presa absolutuan eta Zumeatarra taldeko Aimar Sukunza 23 urtez azpiko mailan.

Biek lasterketa nagusian parte hartu zuten. Proba pertsona gorren Espainiako txapelketa ere bazen eta guztiek batera egin zuten lehia. Lapatzako zirkuituan 5.082 metroko ibilbidea  egin behar izan zuten. Lehena Daniel Planells (17.22) nazioartean lehiatzen den atleta gorra izan zen.  Haren atzetik iritsi zen Jon Presa (17.34) helmugara eta Sukunzak, aldiz, 18.21 behar izan zituen bidea egiteko.

Jon Presa, krosean lehian (ezkerrean); Aimar Sukunza (eskuinean) podiumeko bigarren mailan. Arg.: J. Presa/Karmele G.