Inauteriak amaituta, sanpedroak prestatzen hasi da udala

Txintxarri Aldizkaria 2024ko otsailaren 14a

Ekainaren 28an hasi eta uztailaren 2an amaituko dira aurtengo San Pedro Jaiak, eta horiek gozatu aurretik, prestatu egin behar izaten dira. Horrela, herriko festak diseinatzeko lanetan hasi da udala, eta horiek herritarrekin prestatu asmoz, bi parte hartze prozesu abiatuko dituela jakinarazi du: lehena, musika taldeak eta gainerako kultur jarduerak aukeratzeko izango da, eta, bigarrena, berriz, omendua hautatzeko

Parte hartze prozesu horien berri eman dute Agustin Valdivia alkateak, Gazteria eta Festak arloko zinegotzi Txus Alonsok, eta, Parte Hartze saileko batzordeburu Nagore Duranek. Iragarri dute datorren astelehenetik aurrera, hilak 19, aurkeztu ahal izango dituztela lasarteoriatarrek euren proposamenak. Bi modutara eman ahalko dituzte iritziak herritarrek; batetik, proposamenak sarean egiteko aukera izango dute, udalaren web atariaren bidez (www.lasarteoria.eus), eta, bestetik, berriz, etxean jasoko dituzten eskuorriak udal postontzietan (Emakumeen Zentroa, kultur etxea, Gaztelekua, udaletxeko arkupe zaharrak edo kiroldegia) utzita.  Martxoaren 3ra arte izango dute iritziak emateko aukera, eta, udal ordezkariek azaldu dutenez, 

Eman beharreko informazioa

Kultur jarduerei dagokien parte hartze prozesuan, aurten ere hiru multzotan banatu dituzte egin daitezkeen proposamenak. Alde batetik euskal musika taldeak proposatu ahal izango dituzte herritarrek; bestetik, nazio mailakoak; eta, hirugarrenik, musika taldeak ez diren bestelako jarduerak (antzerkiak, jokoak, eta abar). 

Omenduari dagokion parte hartze prozesuan, aldiz, omendua izatea nahi duten norbanakoaren edo eragilearen izena zehaztu behar dute herritarrek, eta, bestetik, hautagai hori zergatik aukeratu duten ere arrazoitu beharko dute; hautagai horrekin harremanetan jartzeko bidea zehazteko ere eskatu dute udal ordezkariek. 

Bestalde, udal ordezkariek gogorarazi dute hirugarren parte hartze prozesu bat ere deituko dutela; herriko jaiak iragarriko dituen afixa aukeratzeko hain zuzen ere. Baina, horri dagokion informazioa aurrerago zabalduko dute.