'Don Quijote' balletaren emanaldi digitala egingo dute gaur kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko otsailaren 14a

Lasarte-Oriako Udalak eta Danok Kide elkarteak elkarlanean antolatzen duten zikloaren hurrengo emanaldia gaur arratsaldean egingo dute, kultur etxeko auditorioan, 19:00etatik aurrera. Londresko Royal Opera House etxeak produzitutako 'Don Quijote' ikuskizunaren emanaldi digitala egingo dute. Sarrerek 7,5 eta 9 euro artean balio dute.

Don Quijote balleta Miguel de Cervantes idazlearen El Quijote lanean jasotako Camachoren ezteietako figurazio bat da. Koreografia eta musika bikainak ditu eta ballet klasikoaren nahiz espainiar dantza estiloaren konbinazio bikain bat eskaini. Maitasun istorio bat kontatuko dute dantzaren bidez, kolore deigarriko jantziekin eta espainiar dantzen alaitasunarekin. Pertsonaia eta egoera desberdinak ikusiko dituzte kultur etxera bertaratzen direnek: ezkongaiak, emaztegaiaren aita, On Kixote eta Sancho Panza, tabernariak, eta abar.

Hitzaurre batek eta hiru ekitaldik osatzen dute ikuskizuna eta bi ordu irauten ditu. Carlos Acosta dantzari kubatar ospetsuak ekoiztu eta koreografiatu du, Marius Petipa-ren jatorrizko koreografia eta Ludwig Minkus-en musika oinarri hartuta.