Herriko puntu beltzak ezabatzeko lehen fasea burutzen ari da udala

Txintxarri Aldizkaria 2024ko otsailaren 14a

David Mateos eta Agustin Valdivia, Mirentxuko farola baten alboan.

Argiztapen eskasa duten puntu beltzak ezabatzen eta argiteriaren teknologia berritzen (LED argiak instalatuta) ari da Lasarte-Oriako Udala, hiru fasetan. Lehenengoa hilabete amaieran amaituko da eta 419.173 euroko aurrekontua du, Agustin Valdivia alkateak eta Zerbitzuak departamentuko zinegotzi David Mateosek azaldu dutenez. Zortzi gunetan ari dira lanean: Brunet-Enea, Askatasunaren, Somoto eta Zumaburu parkeak; Gaztainzulo, Geltoki eta Uistin kaleak; eta Plazaolako bidea (Loiditik). Horietan guztietan obrak "erritmo onean" doazela baieztatu dute udal ordezkariek. "Luminariak hilabete bukaerarako ordezkatuko ditugu, eta, erremateak, martxo amaieran".

Esan bezala, berritasun nagusietako bat argiteria aldatu eta LED teknologia erabiltzearena da. "Hasieran eman dezake argi gutxiago dagoela eremu horietan, baina kontua ez da hori, baizik eta oinezkoen bidea argiztatuko dutela eta ez inguruko eraikinak. Argi kutsadura murriztearekin batera efizientzia energetiko handiagoa lortuko dugu", azaldu du Mateosek.

Argiteria horiek Scada izeneko programarekin kudeatuko dituzte, bi antenaren bitartez. Argien intentsitatea erregulatzeaz gain uneoro jakin ahalko dute sistema ongi funtzionatzen ari ote den ala ez. 

Bigarren fasea lantzen

Alkateak jakinarazi du puntu beltzak ezabatzearen bigarren fasea lantzen ari direla honezkero, udaleko Gizarte Zerbitzuetako Berdintasun sailarekin batera. Aurrekontua 500.000 eurokoa izango da. Hirugarren eta azken fasea, ondo bidean, 2025ean gauzatuko dute. 

Lanen egoera

Brunet-Enea Arketaren bat konpontzea falta da eta luminariak nahiz zutabe berriak muntatzen amaitzen. 
Zumaburu parkea Lanak bukatzen ari dira.
Askatasunaren parkea Inauterien ostean zutabeak eta beheko luminariak aldatzen hasi dira.
Somoto parkea Laranjondoen patioan proiektoreak instalatzeko zain daude, gainerako lanak egin dituzte jada.
Geltoki kalea Laster bukatuko dute luminariak instalatzen.
Plazaola (Loiditik) Obra zibilarekin amaitzen ari dira. Argiztapena jarri dute zubian zehar.
Pinutegi eta Gaztainzulo kaleak Hiru farola jartzea falta da.
Uistin kalea Eskuineko aldean luminariak instalatzeko lanak hasteko zain.