Ostadar SKTko saskibaloi taldeek ederki borrokatutako garaipenak lortu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 13a, 13:53

Ostadar Saskibaloi ataleko bi taldek jokatu zuten jardunaldia hilaren 9an eta 10ean. Biek garaipena eskuratu zuten eta infantilen kasuan, mailako sei onenen artean kokatu da bigarren fasea jokatzeko

I. mailako taldeak Alde Zaharra Casa de La Rioja taldearen aurka neurtu zituen indarrak hilaren 9an, Maialen Chourraut kiroldegian. Azarotik partidarik ez zuen irabazi Gaizka Urreizti eta Beñat Eleiceguiren taldeak eta Alde Zaharraren aurka kendu zuen arantza.

Ostadarreko jokalariak gogotsu hasi zuten norgehiagoka eta partida irabazteko nahia zutela argi utzi zuten hasieratik. Donostiako taldeak, aldiz, ez zien bide erraz jarriko eta lehen bi laurdenak (15-14 eta 18-14) irabazteko borrokatu behar izan zuen etxeko taldeak. 

Atsedenaldiaren ostean, aurkariak lehen zatiko nekea sumatu zuen. Egoeraz baliatuz, urdin-beltzek joko erritmoa bizitu eta pixkanaka aldea handitu zuten. Alde Zaharrak zona-defentsa ezarri zuen etxekoen erasoak mantsotu nahian, baina Ostadarreko jokalariek hutsuneak aurkitu eta saskira iritsi ziren errenta handituz. Azken emaitza 73-53koa izan zen.

Partidaren amaierako txistua jotzearekin batera garaipena eskuan zutela ikusik jokalari eta entrenatzaileak hunkitu ziren.

Maila mantendu

Infantil errendimendu mailan, aldiz, Ostadar SKTko gazteek promozioa izan zuten jokoan hilaren 10ean. Talde urdin-beltza urrea mailako seigarren postuan amaitu du lehen fasea eta Dikar Andraitz zilar mailako lehen taldearen aurka lehiatu da hurrengo fasean sei talde onenen artean egon eta Euskadiko txapelketarako sailkapena jokatu ahal izateko. Legazpiko Bikuña kiroldegian izan zen buruz burukoa eta ederki izerditu behar izan zuen Lasarte-Oriako taldeak puntu batengatik gailentzeko. 

Lehenengo laurdenean etxeko taldeak bere maila erakutsi eta markagailuan aurreraz, 17-8. Bigarren laurdenean neurketak berdin jarraitu zuen, baina bi minutu faltan 0-11ko partzial bati esker, neurketan sartzea lortu zuen Ostadarrek.

Hirugarren laurdenean bi taldeak ederki jardun ziren erasoan eta guztira bien artean 49 puntu sartu zituzten. Tamalez etxeko taldeak aurretik jarraitzen zuen, 55-48. Azkeneko laurdenean saria eskuratu nahian ahal zuten guztia eman zuten bi taldeek. Amaitzeko lau minutu faltan lasarteoriatarrek neurketa 57na berdintzea lortu eta ostean, hiru saskiratzeri esker, zortzi puntuko aldea ireki zuten.

Legazpiarrak azken minutura arte markagailua berdintzen saiatu arren, puntu batera geratu ziren eta Ostadarrek eskuratu zuen garaipena.