Euriak atsedenaldia eman arren, haizeari aurre eginez lehiatu zen Oriaren jaitsiera hilaren 10ean, Orion. Estatu osoko zein maila ezberdinetako 87 traineru batu ziren Oria ibaian sari nagusia eskuratzeko asmoz. 2023 denboraldiaren antzera indartsu dagoela erakutsi zuen Aiora Belartieta herritarra kide duen Donostia Arraun Lagunak taldeak eta denboraldiaurreko lehen bandera erdietsi zuen.
Emakumezkoen lehian, Gipuzkoa, Bizkaia, Alacant edo Kataluniako hamasei eskifaia izan ziren aurrez aurre.
Lugañene azken aurreko atera zen ibaira. Helmugan 16.01,75 marka egin eta etxeko ontziak egiten zuenaren zain geratu zen. Orio Orialkik bi segundo gehiago behar izan zituen bidea egiteko eta, beraz, bandera Donostiara joan zen.
Intza Fernandez herritarra ere Hondarribiko eskifaian izan zen borrokan. Astebete lehenago, Fernandez kide duen ontziak Sestaon garaikurra altxa zuen, baina oraingoan Berdeak bosgarren sailkatu ziren (16.39,68).
Sestaon garaile
Hilaren 4an, XV. Julian Enrique jaitsiera jokatu zen Bizkaiko herrian.
Proba hau ere erlojupeko moduan lehiatu zen eta Ama Guadalupekoak hiru eskifaia bizkaitar izan zituen aurkari. Hondarribiarrek 15.14 behar izan zituzten ibilbidea egiteko. Bigarren Deusto (15.33) izan zen, hirugarren Kaiku (15.37) eta Ondarroak itxi zuen sailkapena (15.40).
