Zinegotzi kargua hartu du Ainara Elicechea Beitia jeltzaleak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko ots. 9a, 14:00

Hamazazpi kidek osatzen dute udal korporazioa eta horietako batek atzo hartu zuen kargua, EAJ alderdiko Ainara Elicechea Beitiak. Anne Ugarteburu Cialceta ordezkatuko du. Bestalde, Herritarren Arreta Zerbitzuaren proiektua eta ordenantzak onartu zituen udalbatzarrak, baita Mendebaldeko Sahararen aldeko manifestua ere. 

Txalo zaparrada batekin egin zioten harrera korporazioko kide berriari gainerako zinegotziek. Kargua zin egin ondoren, lepokoa jarri eta alderdikideen alboan eseri zen Elicechea. Jarraian, gai ordenarekin jarraitu zuten pleno aretoan bildu zirenek.

Herritarren Arreta Zerbitzuaren proiektua eta ordenantzak onartu zituzten aho batez, azalpen eta eztabaidetan gehiegi luzatu gabe. EH Bildu izan zen gai horren bueltan hitz egin zuen bakarra. Esti Garmendia bozeramaileak adierazi zuen "ezinbestekoa" iruditzen zaiela egitasmoa, udaletxea delako "herritarrengandik gertuen dagoen administrazio gunea". Espero dute proiektu berriak gaur egun udalean dauden "gabeziak" konpontzea: "Hori da erronka handiena". Garrantzitsua iruditzen zaienez egitasmoa, "jarraipen zorrotza" egingo diotela iragarri zuen.

Saioaren deialdiarekin batera bidalitako gai ordenean zetozenak baino gai gehiago mahaigaineratu zituzten korporazioko kideek, haien urgentziaren alde botoa eman eta gero. Horietako bat izan zen Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren 48. urteurrenaren harira (hilaren 27an izango da) onartu zuten adierazpen instituzionala. Horren barruan jaso zituzten udalak egin beharreko gauza batzuk: Mendebaldeko Sahararen bandera udaletxeko balkoian jartzea hilaren 27an eta egun bereko kontzentrazioan parte hartzea korporazioko kideek. Udaletxe aurrean egingo dute, 19:30ean.