"Helburua da espazio bat irekitzea, herriko gizonek pentsatu dezaten beraien subjetu izaeraren inguruan"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 9a, 17:26

Argazkia: Hiruki Larroxa

IBAI FRESNEDO - HIRUKI LARROXAKO KIDEA

Hiruki Larroxa gonbidatu du Borobilean elkarteak hil honetan aurrera eramango duen saiorako. Aipatu kooperatibako kide Ibai Fresnedok gidatuko du hitzaldi-tailerra

Borobilean Elkarteak datorren ostegunean, hilak 15, arratsaldean aurrera eramango du otsaileko saioa; Oriarte Landaberri institutuan elkartuko dira parte hartzaileak, 19:00etatik aurrera. Hiruki Larroxako kideak gonbidatuko dituzte oraingoan, eta Gizonak parekidetasunaren bidean: korapiloak eta aukerak izenburupean, solasaldi-tailer saioa izango dela iragarri dute antolatzaileek. Gauzak horrela, eta informazio gehiegirik aurreratu gabe, aipatu kooperatibako kide Ibai Fresnedorekin hitz egin du TXINTXARRI-k; hitzorduaren nondik norako orokorrak eman dizkio aldizkariari.

Zer topatuko dute saiora bertaratuko diren herritarrek?

Hitzaldi-tailer formatuan egingo dugun saio bat izango da. Helburua da espazio bat irekitzea, Lasarte-Oriako gizonek pixka bat pentsatu dezaten beraien subjektu izaeraren inguruan. Gizon izatea gaur egun zalantzan jartzen ari da, ez bakarrik mugimendu feministatik, eta horrek nolabaiteko erreakzionarismoa ekarri du mutil gazteetatik hasi eta gizon helduetaraino. 

Hortaz, gure helburua izango da batez ere gizon izatearen subjektutasun horretan azpimarratzea zein den gaur egungo testuingurua, zertan eragiten duen maskulinitatearen eraikuntzak eta horren erreprodukzioak, batez ere gizonon pribilegio egoeretan, jarrera eta egiteetan. 

Gizonak parekidetasunaren bidean: korapiloak, erronkak eta aukerak izenburua eman diogu ekimenari, eta hitzaldian joango gara, banan bana gaur egungo korapiloak plazaratuz zein erronka dauzkagun eta zein aukera ikusten. Azken urteotan, ia astero gabiltza gizonezkoekin lanean, eta galdera izarra hau izaten da: Zer ekarpen egin dezakegu feminismoan edo berdintasunaren aldeko borrokan? Hori bada erronketako bat. Hori nola egin dezakegun aztertuko dugu.

Ez da solasaldi soil bat izango, baizik eta hitzaldi-tailer bat?

Ordu eta erdiko saioa izango denez, zintzoki aitortu behar dizut uste dudala ez dugula tailerra egiteko tarterik izango. Egiteko aukerarik izango bagenu, ariketatxo bat planteatuko nieke, aztertzeko egunerokoan beraien pribilegio posizio horretatik nola erabiltzen duten maskulinitatea eta botere posizioa. Boterearen erreprodukzioaren inguruan pentsatu eta hausnartzeko, eta horretan arreta jartzeko. 

Guk azken urteetan fokua jarri dugu egunerokoan erreproduzitzen diren indarkeria sinbolikoetan; historikoki mikromatxismoak deitu izan zaie, baina guretzat indarkeria sinbolikoak dira. Horren bueltan hausnartzeko ariketa bat izango da tailerrean egin asmo duguna.

Feminismoak egin duen lana aitortzea beharrezkoa delako eta gizonok nolabaiteko ardura bat hartu behar dugulako horrekiko. Euskal gizarte gisa justizia soziala behar dugu, baina gizon gisa ez dakigu nondik egin gure ekarpena. Bakoitzak bere maskulinitatean arakatu behar du eta horren gainean hausnartu behar du, jakiteko nondik egin dezakeen bere ekarpena.

Zergatik animatu lasarteoriatarrak ekimenean parte hartzera?

Azken urteotan feminismoak egin duen lana aitortzea beharrezkoa delako eta gizonok nolabaiteko ardura bat hartu behar dugulako horrekiko. Euskal gizarte gisa justizia soziala behar dugu, baina gizon gisa ez dakigu nondik egin gure ekarpena. Bakoitzak bere maskulinitatean arakatu behar du eta horren gainean hausnartu behar du, jakiteko nondik egin dezakeen bere ekarpena.