Buruntzaldea IKTko igerilariek dominak, lehen postuak eta errekorrak batu dituzte proba ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 8a, 15:15

Goian, Euskal Herriko Neguko Txapelketan parte hartu zuten igerilariak; behean alebin mailakoak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko igerilariek Iruñean, Eskozian eta Azpeitian parte hartu dute maila ezberdinetako lehiaketetan. Ederki jardun dira guztiak; lehen postuetan izan dira eta Espainiako errekor bat ere hautsi du Nahia Zudairek

Junior eta absolutu mailako Euskal Herriko Neguko Txapelketa jokatu da Iruñean. Igeriketa taldeko lau kide erlojupeko sisteman jokatu zen lehiaketan, igeriketa taldeko kideek markak ondu eta Garazi Etxeberria junior mailako txapeldunorde izan zen 50 m. libre proban. 

Etxeberriak bi proba burutu zituen Iruñean; 50 eta 100 m. librean. Proba luzea egin zuen lehenik eta ez zuen bere marka hobetzerik izan. Baina lehenean denbora luzez jaitsi nahi zuen 28 segundoetako langa igaro zuen. 27,75ko kronoa egin eta junior mailako bigarren sailkatu zen.

Iker Gorosteguik lau saio egin zituen –50 eta 100 m. tximeleta, 100 m. libre eta 200 m. lau estilo– eta guztietan bere onena emanez marka pertsonal berria ezarri zuen.

Miren Sarobek ere bere markak berritu zituen igeri egin zuen hiru probetan; 50 m., 100 m. eta 200 m. libre.

Iñaki Garciak, aldiz, 100 m. bizkar proba lehiatu zuen. Infantila den arren, absolutu mailako gutxienekoa zuen gazteak eta dagoeneko distantzia horretako infantil mailako Espainiako txapelketarako txartela eskuan duenez, proba motzeko gutxienekoa egitea zuen helburu lehiaketan. 

Tamalez, proba jokatu baino lehen aukera hori ezinezkoa zela jakinarazi zieten igeriketa taldeko kideei. Beraz, Garciak ezin izan zion nahi moduan aurre egin lehiari eta emaitzan izan zuen isla; ez zen esperotakoa izan. 

Hala ere, infantil mailako kideak aukerak ditu hurrengo asteetan beste proba batzuetan gutxienekoak eskuratzeko eta horretan dihardu lanean.

Joko Paralinpikoak

Nazioarteko hitzordua izan zuen Nahia Zudaire taldekideak hilaren 1etik 3ra. Aberdeen, Eskoziara egin zuen bidaia oraingoan Zubietako igerilariak Britania Handiko Munduko Serietan lehiatzeko. 

200 m. libre, 100 m. bular eta 400 m. lau estiloetan parte hartu du igerilari gazteak eta hiruretan izan da A edo B finaletan. 100 m. bular proban, gainera, laugarren postuan sailkatu zen, Espainiako errekor berria ezarriz, 01.35,68. Pariseko Joko Paralinpikoetako A gutxienekoa ere da marka hori.

Hilaren 10ean eta 11n, aukera berria izango du Zudairek bere markak berriak eskuratzeko, Bartzelonako Nazioarteko trofeoan. 50 m. bular zein estilo libreko 50 m., 200 m. eta 400 m. probetan egingo du igeri Buruntzaldea IKTko kideak.

Alebinak ere fin

Azpeitian, aldiz, Alebin mailako Teknifikazio Sarian lehiatu zen, hilaren 4an. Buruntzaldea IKTk bost igerilari parte hartu zuten eta bina proba egin zituzten. 

Burututako banakako probatan, igerilari gazteek euren markak ontzea lortu zuten eta lehen postuetan ere izan ziren.

Aitor Ormazabalek 1.500 metro libreko proba luze eta sendoan igeri egin zuen eta 25.47, 81 markarekin hirugarren izan zen. 100 m. lau estilo saioan ere parte hartu zuen Ormazabalek eta 01.35,70an geratu zuen kronoa.

Ander Martinezek 100 m. bular proba bosgarren amaitu eta bere marka pertsonala berritu zuen, 01.36,40. Ormazabalen antzera 100 m. lau estilo proba ere egin zuen eta horretan hirugarren izan zen, 01.26,79 eginda.

Oier Jauregik lau estiloko proba luzea egin zuen, 200 metrokoa eta seigarren (03.08,23) sailkatu zen; bizkar estiloko 100 metrokoan, aldiz, bosgarren (01.23,56) izan zen.

Liher Albizuk ere proba berak egin zituen; 200 m. lau estiloko proba (03.19,36) eta 100 m. bizkar (01.29,95).

Itxaso Iparragirre lau estiloetako bi saioak bai motza 100 m. baita 200 m. ere lehiatu zituen eta bietan bosgarren izan zen 01.26,27 eta 03.04,23 markak eginez. 

Mutilek erreleboko bi probei ere egin zieten aurre. 4x100 m. librekoan 05.29,68rekin zortzigarren izan ziren eta 4x100 m. lau estilo proban seigarren (06.12,75).