Kadete partaidetza taldeak Goierri Oxykor garaitu zuen

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 8a, 11:15

Kadete partaidetza mailan denboraldiko bigarren fasea jokatzen ari dira. Liga erregularrean lehen hiruren artean geratu zenez, A-1 multzoan ari da lehiatzen Aitor Lasen taldea eta ondorioz, besteak beste, errendimendu zilar mailatik jaitsitako bi talde izango ditu aurrez aurre hurrengo asteetan. Horietako batekin neurtu zituen indarrak hilaren 3an Maialen Chourraut kiroldegian, Goierri Oxykor 

Jokalari gazteez betetako taldea aurkeztu zuen aurkariak; ekipoaren erdia infantil adinekoa zen. Hala ere, urduri atera zen kantxara etxeko taldea eta Urretxukoen banakako erasoak gelditzerakoan arazoak izan zituen. Kontraeraso eta erasoetako erreboteari esker, urdin-beltzak lehian mantentzea lortu zuten eta puntu batera amaitu zituzten lehen 10 minutuak, 11-12.  

Bigarren laurdenean, bosteko berria atera zuen Aitor Lasek eta kanpokoen erasoei eustea lortu zuen Ostadarrek. Gainera, kontraeraso eta eraso estatiko azkarrekin markagailuan aurre hartzea lortu zuen etxeko taldeak. Urretxuarrak zona-defentsa ezarri eta etxekoen erasoa geratzen saiatu ziren. Hasieran lortu arren, lasarteoriatarrek oztopoa gainditu eta partziala 12-8 irabazi zuten. 

Puntu gutxi batzuk zeuden bi taldeen artean eta Ostadar SKTko jokalariek hori aldatzeko saiakera egin zuten bigarren zatia hasi bezain pronto. Bi hiruko eta barne jokoa eginez aldea ireki zuen etxeko taldeak; lehen bi laurdenetan sartutako puntuak berdindu zituen. Joko intentsitatea handitu, baloia igotzean defentsa hobetu eta errebotean nagusi izan zen Lasen taldea. Ondorioz Goierri Oxykorrek estuasunak izan zituen erasoan eta 22-11 izan zen partziala.

Azken laurdenak hirugarrenaren erritmo bera jarraitu zuen eta etxeko taldea nagusi izan zen. Urretxuarren nekeaz baliatuz errenta handitu zuten urdin-beltzek. Egoera ikusirik Lasek jokalari guztiei minutuak jokatzeko aukera eman zien eta taldekideen jarreraz kutsaturik, aulkian zeudenek ere maila mantendu zuten neurketa amaitu arte. Era horretara, 66-41 amaitu zen neurketa eta Ostadarrek garaipena erdietsi zuen.

Taldearen garapena

Aitor Las entrenatzailearen hitzetan, "lehenengo laurdeneko urduritasuna alde batera utzi behar da. Taldeak potentzial handia du, bai kontraerasoan baita eraso estatikoetan ere". 

Hala ere, multzoko lehen postuetan mantendu nahi baldin badute, banakako zein zona-defentsa landu beharko dutela aipatu du. 

Eta denboraldian zehar taldearen garapena garrantzitsua izan dela ere nabarmendu du: "Esperientzi gutxiago duten jokalariak pixkanaka integratuz doaz, bigarren fase honi aurre egiteko eskertzekoa da. Eta batek daki, errendimenduko kategoriara igotzeko erronkan ere sar gaitezke".