Aurreko astean herriko atletek absolutu mailako Gipuzkoako txapelketa jokatu bazuten, hilaren 3an adin txikikoen txanda izan da eta Lasarte-Oriako ordezkariak podiumera igo ziren Donostiako Antonio Elortza belodromoan lehiatu ziren proba batean baino gehiagotan.
Ostadar SKTko 18 eta 16 urtez azpiko ordezkariek bederatzi domina eskuratu dituzte.
Oinatz Almagrok aurreko astean egin moduan, urrezko domina eta Gipuzkoako titulua eskuratu zuen 18 urtez azpiko jauzi hirukoitzeko proban; lehia handi egon zen eta bosgarren jauzian egindako 12,83 metroko eman zion lehen postua. Hala ere, azkeneko saiakeran guztia eeman eta 13,21 metrotara iritsi zen. Luzera jauzi proban ere lehen postuarengatik borrokatu zen talde urdin-beltzeko kidea; azkenean, bigarren izan zen eta lehen mailatik zentimetro batera geratu zen, 5,91 m.
Jauzi probekin jarraituz, June Garciak lehengo asteko brontzeari 18 urtez azpiko zilarrezko domina gehitu zion, 10,87 m.
Pisu jaurtiketa lehiaketetan lau domina gehiago jantzi zituzten Ostadar SKTko kideek. Bigarren postuan amaitu zuten lehiaketa Aitor Eizaguirrek (11,12 m.) zein Aiala Ramosek (9,98 m.) 18 urtez azpiko mailan eta 16 urtez azpiko mailan ere Kevin Pinza izan zen. Nora Manzanalek, aldiz, 18 urtez azpiko hirugarren mailara igo zen.
Abiadura probetako kideek bete zuten poltsa. 18 urtez azpiko mailako finalean Iraia Alkortak 60 metroak 7,93 segundotan egin zituen; helmugara bigarren iritsi zen. Iugatz Almagrok, aldiz, 16 urtez azpikoan hirugarren postua egin zuen, 8,21. Almagrorekin batera Eider Redondo taldekidea ere izan zen adin horretako finalean; gazteak zazpigarren amaitu zuen lasterketa.
Baina ez dira garaikurra eskuratu duten herritara bakarrak izan. Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondok 16 urtez azpiko pertika proban jardun zen eta 13 urteko gazteak hirugarren maila eskuratu zuen.
Adin tarte berdinean, baina 60 metro lasterketan Real Sociedad taldeko Ibai Alkain herritarra izan zen lehian.
Egun berean, Jaurtiketa luzeetako Euskadiko lehiaketa izan zen Durangon. Ostadar SKTko Oihana Igarriz, herriko ordezkari bakarra, disko-jaurtiketa proban jardun zen. Talde urdin-beltzeko kideak laugarren postua eskuratu zuen eta bere marka pertsonala ondu zuen 35,45 metroko saioarekin.
Masterrek ere dominak
Distantzia luzeetako zein Master mailako atletak ere Euskadiko txapelketan batu ziren hilaren 4an, Donostiako belodromoan.
Atletico Renteria taldeko kide Jose Ramon Latorre eta Mari Carmen Olaso herritarrek parte hartu zuten. Latorrek master 45 mailako 60 m. (7,52) eta 200 m. (24,40) lasterketetan urrezko domina eskuratu zuen; Olasok, aldiz, 800 metroko proban master 55 kategoriako lehena sailkatu (03.20,70) zen eta 3.000 metrokoan bigarren izan zen, 13.26,82.
Super Amara BAT taldeko Unax Goenagak, berriz, maila absolutuko 3.000 m. lasterketa egin zituen, 09.15,66.