Santa eskean aritu dira, ohitura zaharrari jarraiki

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 4a, 20:10

Oles eta kanta egiteko eguna izaten da otsailaren laugarrena. Tradizioari eutsi eta zabaltzeko, goiz eta arratsalde aritu dira koplak abesten zenbait herritar. Zabaletako bizilagunak izan dira lehenak, eta haien ondoren, Erketz eta Xumelako kideak.

Zabaletako bizilagunak izan dira santa eskean irten diren lehenak. 60 bat lagun batu dira auzoan barrena ibilbidea egiteko. 11:00etan elkartu dira Basotxo plazan eta bertan abestu ondoren,  makilak eskuan, kalez kale zabaldu dute ohitura zaharra. Gero, Oaintxe in deu! txarangako kideekin elkartu, eta sagardotegira joan dira. Han, Imanol Jimenez auzokidea omendu dute eta giro politean bazkaldu.

Arratsaldean lekukoa hartu diete Erketz Dantza Taldeak eta Xumela koruak. Lehenak, elkarteko egoitzatik abiatu dira. Talde argazkia egin eta Santxo tabernan abestu dituzte lehen koplak eta handik Geltoki kalera joan dira. Errepidean bertan abestu dute berriro, Jalgi Kafe Antzokira gauza bera egitera sartu aurretik. Tabernaren Sagardotegi kaleko atarian elkartuta zeuden orduantxe Xumelako kideak. Haiek ere talde argazkia egin dute kantuan hasi aurretik.

Txistulariak buru, Ama Brigitarren komentura joan dira. Bertako bost moja izan dituzte entzule, eta unean asmatutako koplen protagonista izan da komentuan bizi denetako bat, euskaraz ikasi duen Glaciela mexikarra, nahiz eta berak ez zegoen harrera egin dietenen artean. Errepertorio osoa eskainita, txalo, irrintzi eta esker hitzen ondoren agurtu dira koruko kideak. Une hori baliatu du mojetako batek Joxe Mari Agirretxeri Porrotx komentura ekarriko zuela gogorarazteko. 

Komentu aurrean topo egin dute Erketzeko lagunekin. Talde argazkia atera, eta bakoitzak bere bidea jarraitu du. Erketzekoak Zumaburu aldera joan dira, Xumelakoak, berriz, Okendorantz bueltatu dira. Biek ala biek herriko kale eta tabernak girotu dituzte iluntzean.

Batzuek eta besteek, denen artean, nahikoa oles eta kanta egin dute Lurra esnatu eta udaberria laster etor dadin.