Ekitaldi politikoa egin du PSE-EEk herriko etxean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 4a, 13:30

Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeek oraindik datarik ez badute ere, alderdiak ari dira beraien jardunaren eta proiektuen berri emateko agerraldiak egiten. Sozialistek Lasarte-Orian egin dute igandean horietako bat. Agustin Valdivia alkatearekin batera parte hartu dute Susana Corcuera legebiltzarkideak eta Eneko Andueza lehendakarigaiak. 

Elkarrekin sartu dira hiru hizlariak jarraitzailez beteta zegoen hitzaldi aretora, eta haiekin batera, Gipuzkoako zerrendaburu izango den Denis Itxaso eta Gipuzkoako idazkari nagusi Jose Ignacio Asensio. Txaloen eta agurren ondoren, lehen ilaran eseri dira denak, Valdivia alkatea izan ezik, bera izan baita hitza hartzen lehena. 

Lasarte-Oriako sozialisten gonbitari azkar erantzun izana eskertu dio Anduezari eta Aldatu norabidea leloaren gidari izango den programarako proposamenak emango dizkiola esanez ekin dio adierazpenari. Herriari begira jarri da jarraian: Gipuzkoako dentsitate altuena duena da, industriagune gutxi du, eta N1k eta inguruko udalerrien interesek mugatzen dute. Haiek Lasarte-Oriaren mugen ondora "jarduera ezerosoak" ekartzea ohikoa da, "onurak" beraiek jasoz eta "eragozpenak" lasarteoriatarrek pairatuz. Eskusaitzetara iristeko bideei buruz Donostiako Eneko Goia alkateari galdetu zionean, honek "pentsatu ere" egin ez zuela erantzun ziola esan du Valdiviak. Bere taldeak, aldiz, Euskotren Oria eta Zubietara luzatzea proposatu dio Iñaki Arriola sozialista buru duen Garraio sailari eta ideia "aztertzen ari direla" gehitu du.  

Zerbitzu publikoen garrantzian sakondu du, horretan sinesten duen lidergoa behar dela nabarmenduz. Hezkuntza publikoaren eredua aldatu eta inbertsio beharra azpimarratu du. Alkateak "ulergaitzat" jo du Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza den zerbitzu baten inbertsio kostuen %40 udalen gain uztea, "hamar urtetan 3, 5 milioi euro baino gehiago", baina finantzatutako azpiegitura erabili nahi dutenean "jangela zerbitzua eskaintzeko txokoetako haurrei", ezin dutela erantzutea. Osakidetzari buruz ere hitz egin du eta pandemia garaitik herrian larrialdi zerbitzurik ez dela gogoratu du. Askoren kezka iturri den Etxebizitza alorrean, berriz, alokairu sozialeko ehun etxebizitzei gazteentzako beste 88 gehituko ahal izateko kiroldegi zaharra dagoen orubearen lagapena egingo dutela esan du. 

Arlo horietan egindakoa "beste modu batera goberna daitekeela erakusten duten adibideak dira, herritarren bizimodua hobe daitekeela politika publikoetan sinesten bada". Horretarako guztirako, leloak dioen moduan, bidea aldatu behar dela baieztatu du Valdiviak, eta txantxa gisa "Eneko Andueza lehendakari" dioen afixari "ari, ari, ari" falta zaiola gehitu du.

Egindakoa, proposamenen hazi

Susana Corcuera legebiltzarkidearen txanda izan da ondoren. Azken legegintzaldiko kudeaketa izan du hizpide. Zoriondu egin du Valdivia berriro alkate izateagatik eta aurrekontuak adosteagatik, hori baita "inor atzean utzi gabe, herritarren beharrei erantzunak gidatzeko oinarria". Sozialistak gobernuetan "gauzak aldatzeko" parte hartzen dutela azaldu du, kudeaketa "herritarren bizi kalitatea hobetzeko eta ongizate gizartea sendotzeko" modu gisa ulertuta. Bide horretan, Idoia Mendia lehendakariordeak eta Javier Hurtado eta Iñaki Arriola sailburuek hobetutako Madrigo gobernuaren zenbait erabaki gogoratu ditu.

Azkenik, Andueza jarri da mikro aurrean. Hitza betetzen duen pertsona dela esan du eta alkatearen proposamenak "pozik" jasotzeaz gain, horiek egia bihurtzeaz ere egongo dela aurreratu du, "horrek herritarrengan eragingo baitu". Lasarte-Oria bezalako herrietan dagoenean alderdi sozialistako kidea izateaz "harro" dagoela aitortu du, izan ere, "herri hau dena izatea posible egin duen alderdia baita".

Hauteskundeetan emaitza erabakigarria lortuko dutela uste du lehendakarigaiak eta bizi diren lekuaz harro dauden herritarrak nahi du, "baina ez identitate arrazoiengatik, ongizateagatik baizik". Azken lau urteotan erdietsitakoaz mintzatu da eta prestatzen ari diren programaren ardatzetako batzuk ere errepasatu ditu: Osakidetza, Hezkuntza, Ertzaintza, klima aldaketa... "Euskadik aukeren lurraldea izaten jarraitu behar du, abegikorra, lan aukera eta etorkizun hobearen bila kanpotik datozenei besoak zabaltzen dizkiena, gure guraso eta aitona-amonekin egin zuten moduan. Irekia, plurala, askotarikoa, modernoa. Horrek izan behar du lehendakari izan nahi duen edozein liderren nahia".

Hauteskundeak irabazteko "programa on bat" eta "aldaketa posible egingo duten kideak" behar direla badaki Anduezak, baina datozen asteetan aurkeztuko dituzten zerrendek parekorik ez dutela uste du. "Onenak gara. Umil diot. Politikarioi zintzotasuna eskatzen digute, bada hori da zintzo izatea, herritarrei esatea onenak gu garela". Horregatik, EAJren autokonplazentzia eta EH Bilduren independentismoaren aurrean, sozialisten alde egitera deitu ditu herritarrak.