Himalaiaren edertasunaz eta gogortasunaz

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 2a, 21:12

Lasarte-Oria Trailek antolatuta, Alex Txikon alpinistak hitzaldia eman du ostiral arratsaldean kultur etxean. Jakin-mina piztu du ekimenak eta hitzaldi aretoa ia bete dute herritarrek. Manaslu eta Annapurnara egindako espedizioei buruz hitz egin du bizkaitarrak, zenbait argazki eta bideo laburrek lagunduta, eta epika albo batera utzita, zintzo mintzatu da bizitakoaz.

Hiru zatitan banatu du Txikonek bere azalpena, Manaslu neguan eta Mendi biluzia liburuak ardatz hartuta. Iazko urtarrilean 6an lortu zuen Manaslun gaina egitea eta aurten Annapurnan saiatu da, baina bertan behera utzi behar izan du Azken bidaia horretatik abiatuta, Manaslurekin jarraitu eta ondoren, galderen txanda egingo dutela aurreratu du, baina nahi baino gehiago luzatu da lehen bi ataletan. Horiek esanda, aulkitik altxa, eta zutik egin du bere aurkezpena, kontaketa laguntzeko argazkiak erakutsiz. 

Himalaia neguan "magikoa" dela esan arren, duela hamalau urte Edurne Pasabanerekin batera joan zenean ikusitakoarekin alderatuta, aldaketa agerikoa da, Annapurnan udaberria zirudiela nabarmendu du. Oroitzapenak bizipenaren bereziena izan badira, ederrena, "bakardadea eta handitasuna" direla aitortu du; gogorrena, berriz, 2. kanpamendutik gorakoa. "Neguan 8.000 metroko mendi bat igotzeko  bikaina izan behar duzu, zeharo ona. Bikaintasun hori ez dugu izan aurten. Zergatik? Duela hamahiru hilabete Manaslu igo genuelako. Arriskatu genuen guztia, pasatakoa, sufritutakoa... ez nuen hori dena berriro bizi nahi", onartu du lemoarrak. 

Ez igotzeak frustrazioa eragiten badie ere,  presiorik eta arriskatzeko asmorik gabe joan dira azkenekoan. Helburua lortu ez badute ere, "oso harro" dago egindakoaz eta garrantzitsuena "izugarri disfrutatu izana da. Tontorra gutxienekoa da". Bidea politena dela gogoratu du eta espedizioen arrakasta emozioen kudeaketa dela, "odol eta buru hotza izan behar da". Horri Txikonek egoskor izatea eta sufritzeko gaitasuna gehitzen dizkio. 

Edertasunaz gain, gogortasunaz ere mintzatu da; halako mendi batean egotea nolakoa den filtrorik gabe deskribatuz eta ingurunearen baldintzen arabera hartutako erabakiak azalduz. Haizean ondorioz lo egiteko ezintasuna, hotza, presioa, gorputzak jasandako aldaketak... Mendiak informazio asko ematen duela eta "intuizioz" jokatu behar dela ere ohartarazi du, teknologia "%2 ere" ez dela zehaztuta.

Gaur egun bizipenaren gainetik "argazkia" besterik nahi ez dutenak badira ere, bera inguruan zerbait uzten ahalegintzen da, ekarpenen bat egin eta komunitatea laguntzen. "Hori da benetako tontorra". 

LOTMEk antolatutako hurrengo jarduerak:

  • Hilak 24-25. Panticosa-Bachimaña irteera. 
  • Martxoak 1. Mendiko orientazioa hitzaldia, Joxepo Artola. Mercero aretoa, 19:00. Galdu edo istripuren bat izanez gero, mendian nola orientatu irakatsiko du. 
  • Apirilak 14. Uharte Arakil-Beriain-Txurregi-Irurzun (22 Km, 1.600+).
  • Maiatzak 12. Arrasate-Udalaitz-Besaide-Udala (14 Km, 1.300+).
  • Urriak 19-20. Canfranc-Collarada-Villana (20 Km, 2.000+).

Kluba bazkideak hartzeko eta berritzeko prozesuan dabil. Hortaz, klub baten bila dabiltzan lagunak bat egitera animatzen dituzte.