Ekin dio aurtengo sagardo denboraldiari Lasarte-Oriako Otegi sagardotegiak. Otsail hasieran abiatu ohi dute sagardotegi sasoia normalean, baina, aurten, "bezero batzuekin zuten konpromisoagatik" erabaki duten inoiz baino lehenago martxan jartzea. Urtarrilaren 27an ireki zituen atean, eta lehen asteburuaz galdetuta, espero bezala, "lasaia" izan dela azpimarratu dute sagardotegiko arduradunek: "Orokorrean, hala izaten dira lehenengo asteburuak".
Halere, giroa eta bezeroak ez dira faltako Otegin denboraldi honetan ere; jakinarazi dute deiak jaso eta jaso ari direla, eta, adibidez, larunbat eguerdiak betetzen ari direla dagoeneko. Hori izaten da sagardotegi zale gazteen egunik kuttunena: "Astean zehar, apenas etortzen da inor; guk eskaintzen dugu aukera hori ere, etor daitezke aste barruan, beti ere gutxienez zortzi laguneko taldea bada, eta, aurrez erreserba eginda". Nabarmendu du, baita ere, "edadeko jendea" garai batean baino gutxiago biltzen dela sagardotegian egun: "Lehen, garai batean, lantokitik irten eta etortzen ziren mokadu bat egitera; orain, hori ez da gertatzen, galdu egin da. Orokorrean gazteak etortzen dira sagardotegira". Igandetan, aldiz, familiak batzen dira sagardotegian.
Urteroko bezeroak ditu herriko sagardotegiak, "urtez urte hutsik egiten ez dutenak", baina denboraldiz denboraldi etortzen zaizkie bezero berriak ere. Azken horien inguruan aipatu du, normalean Hernani eta Astigarrako sagardotegietara jotzen dutela, eta horietan lekurik topatzen ez dutenean jartzen direla inguruko herrietakoekin harremanetan.
"Gogotsu" agertu dira hasi berri den denboraldiari aurre egiteko, "betidanik joaten zaizkien bezeroekin elkartzeko ilusioz; haiek ere gu noiz agertuko zain egoten dira".
Horiei guztiei, sagardotegi menua eskainiko diete; bakailaoa frijituta, bakailao tortila, txuleta eta gazta irasagarrarekin, baina barazkijaleentzat eta beganoentzat ere izango da aukerarik. Hori, nola ez, sagardoak lagunduta dastatu ahalko dute denek ala denek, eta aurtengo edariaren inguruan galdetuta, kontatu dute "lasto kolorekoa" dela. 40.000 litro batu ditu Otegi sagardotegiak guztira, hori guztia "inguruko sagarrekin" egina. Horren harira, gertakizun "xelebre" baten berri ere eman diote TXINTXARRI-ko kazetariari: "Orain, dagoeneko, sagar arbolek ale txikiak dituzte. Eguraldiaren eraginez gertatzen ari da hori; inoiz ikusi gabekoa. Pentsa, sagarrondoak loratzen dira maiatzean, eta sagarrak uztail eta abuztua bitarte irteten dira, irailean jasotzeko".
Euskal Herriko hiri, herri eta txoko askotako bezeroak jasotzen ditu urtero Otegik, baina, Espainiako hainbat lekuetakoak ere bai; aurten, adibidez, Burgosetik autobus bat etorriko dela kontatu du. Denak ala denak hartzeko prest, gogoz daude sagardotegiko arduradunak.
Bakailao tortilla "bildua eta urtsua"
Bakailao tortilla on bat nola egin daitekeen galdetu dio TXINTXARRI aldizkariak Otegi sagardotegiko arduradunei, eta honako azalpen hauek eman dizkiote. Bakailaoa apurtuta erosten dute, eta hori epeldu egiten dute lehen pausoan. Hori eginda, tipula eta perrexila txikitu eta piper berde apur bat ere bai, "kolore pixka bat emateko". Hori dena su txikian kozinatzen dute, eta nahasketa prest uzten dute tortillak egin behar dituztenerako.
Une hori iristen denean, bi burruntzali bete eta erdi nahasten dituzte zortzi arrautzarekin (lau lagunentzako kalkulua litzateke hori). Sutan, zartaginera bota duten nahasketa tartetxo batez ukitu gabe edukitzen dute, poliki-poliki egiten joan dadin, eta gero, bazterretik biltzen joaten dira. Halako batean, buelta eman eta berehala zerbitzatzen dute, urtsua gera dadin. Horiek baitira sagardotegiko arduradunentzat gauzarik garrantzitsuenak; bildua eta urtsua zerbitzatzea.