Ostadar Boleibol taldeak puntuak gehitzen doaz

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 1a, 13:15

Ostadar Boleibola saileko taldeek denetariko emaitzak izan zituzten urtarrilaren 27-28 asteburuan. Liga aurrera doa eta taldeetako batzuk lehen postuetan dira

Jubenil mailako taldeak ez zuen egun ona izan eta Zarauzko Aidean 0-3 gailendu zen. Liga hasiera txarra izan du taldeak eta entrenatzaileak egoerari itzulia emateko lanean ari direla aipatu digute. Neurketako irudiak galerian.

Euskal Ligako taldeak, aldiz, garaipen borrokatua erdietsi zuen; Bera Bera Bultz izan zuen aurkari. Lehen setetik neurketa lehiatua izango zela ikusi zen. Etxekoek ongi eutsi zieten donostiarren erasoei eta 25-21 gailendu ziren. Donostiarrek zailtasun batzuekin eraman zituzten hurrengo biak; 20-25 eta 18-25. Baina etxekoek ez zuten amore eman eta ongi lan eginez laugarren seta eskuratu zuten; 25-15. Bosgarrenean ederki moldatu ziren sakearekin urdin-beltzak eta 15-5koaren amaitu zen norgehiagoka.

Ligako buru

Gipuzkoako txapelketako hirugarren jardunaldian, senior taldeak Hernani garaitu eta sailkapeneko lehen postuan da. Cristiana Hardmanek zuzentzen duen taldeak lan ederra egin zuen Hernaniko kiroldegian jokatu zen partidan eta 0-3 (21-25, 18-25 eta 23-25) irabazi zuen.

Eta ez da bere ligako buru dagoen Ostadarreko talde bakarra. Infantil A taldea Aldapeta Maria Berdeak 1-3 (11-25, 11-25, 25-23 eta 19-25) gainditu eta postu horretan kokatu da.