Junior Errendimendu taldeak neurketa zaila izan zuen Gipuzkoako txapelketari hasiera emateko

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 31a, 13:00

Ostadar SKTko Junior Errendimendu taldeak denboraldiko lehen fasea amaitu eta Gipuzkoako txapelketan murgildu da. Lehen neurketa Maialen Chourraut kiroldegian izan zen hilaren 26an. Aurkari ezaguna zuen Carnicas San Marcial Hondarribia; lehen fasean bi alditan neurtu zituzten indarrak eta bietan hondarribiarrak izan ziren nagusi

Ondo hasi zen norgehiagoka bi taldeek indartsu ekin zioten erasoari eta saskiratzeak txandakatuz hamalauna berdindu zuten partziala.

Neurketa berdindua zirudien arren, hondarribiarrek erritmoa aldatu eta neurketa hautsi zuten. Etxeko taldearen areara erraz iristen ziren eta Andoni Alduncinen taldeak ezin izan zuen aurkariaren erauntsia geratu. Ondorioz, jaurtiketa pertsonalei zein hiruko saskiratzeei esker alde ireki zuen Carnicas San Marcial Hondarribiak, atsedenaldira 17-32 iritsiz. 

Gainerako bi laurdenetan jokoak berdin jarraitu zuen. Etxekoak euren onena emanaz aurre egiten saiatu arren, azken emaitza 36-67 izan zen.

Erronka gogor eta aberasgarria du aurrean talde urdin-beltzak. Zilar mailako zein urre mailako bost talderi aurre egin beharko die fase berrian eta lehen biek egingo dute aurrera. Euren onena ematen saiatuko dira junior mailako jokalariak.