Gazteen mailako Eguzki Bodegas Ayesak eman zion hasiera egunari. Bigarren sailkatua den Antxo Pescaderias Ferreresen aurka jokatu zen Francisco Javier Kixki Perezen taldea eta neurketa borrokatua aurreikusten zuten etxekoek. Euren susmoa ez zen okerra izan; bi taldeak defentsan sendo jardun ziren eta gol aukera garbi gutxi sortu ahal izan zituzten. Jerezanoren gol bakarrak garaipena eman zion Eguzkiri.
Ostean, taldeko txikiek hartu zuten kantxa. Sailkapenean postu batzuk gorago zegoen Aloña Mendi oñatiarra izan zen infantilen aurkaria. Ederki jokatuz, markagailuan aurre hartu eta 5-3 gailendu zen Eguzki Bar Escalerilla taldea.
Eta goiza biribiltzeko kadete mailako lehia izan zen. Lehen sailkatua den Lauburu KE Ibarra A izan zuen aurrez aurre Gorka Redondok zuzentzen duen taldeak. Nahiz eta neurketa hasi bezain pronto Ibarrako taldeak bere nagusitasuna erakutsi, etxekoek ongi eutsi zioten aurkariari eta azken emaitza 2-7 izan zen.
Kanpoan ezinean
Lasarte-Oriako kirol elkarteko I. eta III. mailako taldeek, aldiz, kanpoan jokatu zuten Gaintxu eta Anoetaren aurka, hurrenez hurren.
Eguzki AFren taldeak ederki borrokatu arren, aurkariak gailendu ziren bi neurketetan; 6-4 eta 3-2.
Horrez gain, areto futbol eskolako haurrek topaketa izan zuten eta Samaniego-Orixe Tolosala taldeen aurka neurtu zituzten indarrak.