Getxo RTk itzulia eman zion Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak RTren aurkako neurketari

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 31a, 11:30

Errugbia izan zen berriro ere protagonista Michelin kirol gunean. Hilaren 27an, Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak 18 urtez azpiko taldeak Getxo RT izan zuen aurkari etxean. Borroka handiko neurketa izan zen eta azkenean bizkaitarrek eraman zituzten garaipeneko puntuak

Neurketa hasi orduko, bi taldeak tinko aurkeztu ziren defentsan. Mele, touch, ruchk edo plakatze ugari izan ziren. Metroz metro zelaia irabazten ahalegintzen ziren bi taldeetako jokalariak, baina aukera gutxi izan zituzten entsegu marrara iristeko. 

11. minutuan hautsi zuen berdinketa etxeko taldeak Eneko Sanchez herritarraren entseguari esker. Oinatz Urbietak ez zuen hutsik egin eta gauzatzearekin 0-7 jarri ziren beltzak. Eta 28. minutuan Getxok aldera txikitu zuen entsegu bati esker. Bi taldeak saiatu arren, 7-5ekoarekin joan ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian indartsu hasi ziren beltzak eta minutu bat behar izan zuten entsegu marra gainditzeko. Gauzatzea ez zen iritsi, ordea; bost puntu bakarrik gehitu zituen etxeko taldeak.

Getxok ez zuen amore emango eta minutu gutxira ederki erantzun zuen neurketako bigarren entsegua eginez.

Zelaiaren erdialdean borroka handia zegoen eta bost minutuetara tartea handitu zuen berriro etxeko taldeak entsegu bati esker.

Bi taldeak ederki gelditu zituzten aurkarien erasoak. Baina hutsune bat baliotuz, berriro ere marra igaro zuen Getxok. 

Minutuak igaro ahala bi taldeak garaipena emango zizkieten puntuak lortzeko borrokatzen ari ziren. Tamalez bizkaitarren lanak fruitu izan zuten. Bi entsegu egin eta markagailuari itzulia eman zioten.

Beltzek ez zuten neurketa galdutzat eman nahi eta azken minutura arte gogor jardun ziren arren, 17-25 amaitu zen norgehiagoka.

Zorterik ez

Beltzen gainerako taldeek ere ez zuten aldeko emaiztarik lortzerik izan. 

Iruñean izan zuen jardunaldia 16 urtez azpiko taldeak. Beltzek ezin izan zuten ezer egin Iruña Rugby Cluben aurka; 64-0 izan zen azken emaitza.

14 urtez azpiko gazteak Bera Bera RT Bren aurka neurtu zituzten indarrak. Donostiarrak hasieratik nagusi izan eta 34-5 gailendu ziren.