Lehen saioa larunbata arratsaldean izanzen eta Ostadar SKTko Eider Redondo gazteak eman zuen ezustekoa. Hamahiru urterekin maila absolutuko luzera jauziko Gipuzkoako txapeldun berria da gaztea. 5,45 metroko jauziarekin bere marka onena berdindu eta urrezko domina eraman zuen lasarteoriatarrak. Gainera, taldeko arduradunek nabarmendu modura, bigarren aldia da 16 urtez azpiko Espainiako txapelketako gutxieneko marka egiten duena.
Pisuan ere izan zen herritarrik podiumean. Oihana Igarrizek zilarrezko domina eskuratu zuen 10,54 m. jaurtiketarekin.
60 metroko neskek lasterketak ere izan ziren egun horretan. Taldekide Iraia Alkorta, Iugatz Almagro, Dunixe Muñoz eta Atletico San Sebastianeko Nerea Eugi herritarrak parte hartu zuten kanporaketetan. Alkorta izan zen finalera iristen bakarra 07,83 eginez. Finalean laugarren sailkatu zen, baina ezin izan zuen denbora jaitsi. Hala ere, kanporaketan egindako markari esker, 18 urtez azpiko Espainiako txapelketarako txartela eskuratu du talde urdin-beltzeko kideak.
Igande goizean bigarren jardunaldian ere fin ibili ziren herriko atletak.
Jauzi hirukoitzean, esate baterako, Ostadar SKTko hiru kide izan ziren lehenen artean. Naroa Furundarenak (12,64 m.) eta Oinatz Almagrok (12,67 m.) urrezko domina jantzi zuten eta June Garciak, aldiz, podiuma osatu zuen brontzea lortuaz (10,94 m.).
Azken domina 3.000 m. iraupen proban lortu zuen Aloña Mendi taldeko Jon Presa herritarrak, zilarrezkoa. Lehen kilometroan probako buru egon zen arren, Mikel Aguirrebeñak erreleboa egin zion bigarrenean eta hortik aurrera Joseba Larzabal nagusitu zen. Presak bere marka pertsonala (08.46,55) onduz, bigarren postua lortu zuen.
Adin txikikoak
Otsailare 3an, aukera berria izango dute herriko taldeko atletek euren garaipen poltsa handitzeko. 16 eta 18 urtez azpiko pistako Gipuzkoako txapelketa jokatuko da Donostian eta Ostadarreko hainbat kide izango dira bertan parte hartzen.