Doinuz eta dantzaz bete dute muxikoek plaza

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 28a, 14:52

Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatuta, Plaza Dantza egitasmoko lagunek aurtengo lehen saioa egin dute gaur eguerdian Okendo plazan, 12:00etatik 14:00etara bitartean. Negu betea izan arren, udaberriko giroarekin dantza egin dute, eguzkipean. 

Plaza Dantzan dabiltzan lagunak eta nahi izan duen edonork muxikoen saioan parte hartzeko aukera izan du goizean. Hilabeteroko laugarren igandean batu ohi dira, taldekideekin eta nahi dutenekin dantza egiteko. Hogeita hamar bat animatu dira oinak eta gorputza mugitzera, unearen arabera, kopurua aldatu egin bada ere. Ohi bezala, biribilean jarrita, banaka, binaka edota taldean aritu dira, doinuaren arabera. 

Eguraldi aparta izan dute horretarako, eguzkitsua eta epela, atari zabalean aritzeko aproposa. Zabalgunean zeudenen arreta ere bereganatu dute, asko begira gelditu dira eta argazkiak ere egin dizkiete. 

Plaza Dantza egitasmoak euskal dantzan trebatzea du helburua, horretarako, gehiago edo gutxiago dakiten lagunak batzen dira elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko. Astean behin, asteartetan, entseatzen dute.

 

Erlazionatuak