Adiskidetasunaz eta botere harremanez, umorez eta kantuz

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 27a, 21:39

Buhameak taldeak Erik eta Win ikuskizuna ekarri du larunbat iluntzean Manuel Lekuona Kultur Etxera. Bina bertsolarik eta musikarik osatutako taldeko bi kide, Unai Muñoa eta Aitor Atxega lasarteoriatarrak badira ere, lau urteko ibilbidearen ondoren egin dute emanaldia herrian. Areto erdia bete dute ikus-entzuleek musika, antzerkia, bertsolaritza edota poesiaren bidez, Muñoak eta Ander Lizarralde bertsolariek egindako gogoetaren berri izan dute. 1990eko Gipuzkoako Bertso Txapelketan elkar ezagutu zuten eta binakako ariketa bat egiterakoan, Muñoak ez zion kasurik egin kideak proposatutako doinuari. Oiartzuarrak ez zuen erabilitakoa ezagutzen, baina, hala ere, lagun egin ziren. Harreman horretan, ordea, botereak ere badu zeresanik eta horri buruz hausnartu dute: Batek nahiago du meneko izan, besteak, gailendu; batek, eskuzabal izan, besteak horri probetxua atera, batek koldar jokatu, besteak ausart plantak egin... Atxegak eta Imanol Kamiok jotako musikak lagunduta, bertsotan eta kantuan, kontakizuna josi dute. 

Erlazionatuak