Koloretsu, anitz eta askotariko marrazkiak egin dituzte herriko bi ikastetxetako ikasleek ikasleku eta jolasleku dute hori nola ikusten duten islatzeko. Horietako hamarnaka zintzilikatu dituzte udaletxe azpiko arkupeetan eta Okendo plazako eszenarioaren beheko aldean.
Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldiaren aurretik, oihal bat jarri dute ikuskizuna haren gainean eserita ikusi nahi zutenentzat. Sudurgorriak agertu direnerako erabat beteta zegoen, eta haien inguruan zutik zeuden dozenaka lagun.
Zorionak Marimotots ikuskizunaren emanaldia egin dute bi pailazoek. Marimototsen amaren heriotza abiapuntu izan arren, barreak eta kantu alaiak izan dira nagusi. Duela hiru urte landatutako intxaurrondoaren fruituak ama gogorarazteaz gain, Porrotx zirikatzeko ere baliatu du betaurrekodunak. Txantxak, jolasak eta abestiak josiz ordubetez aritu dira, elkar babesteak duen garrantzia erakutsiz. Ideia hori herriko eskolekin lotu du ileurdinak eta Landaberri edo Sasoeta-Zumanburu zergatik aukeratu zuten azalduko zuten sei familien lehena oholtzara igotzera gonbidatu du.
Sasoeta-Zumaburu. Haur Hezkuntza. Angela eta Lucia |
Angela: "Bi alabak Zumaburu ikastolara doaz. Aita eta biok oso gustura gaude ikastolarekin, gertu dago gure etxetik. Irakaslegoaren lana izugarria izan da, umeak ez dira zenbakiak, atentzioa pertsonalizatuta dago bai alde akademikoan bai emozionalean. Bakarrik hitz politak dauzkat". Lucia saiatu da paperean idatzita zuena irakurtzen, baina lotsak gain hartu dio. "Lucia naiz. Nire ahizpa eta ni Zumaburura joaten gara. HH5". |
Landaberri. Haur Hezkuntza. Iker, Nerea, Udane eta Unax |
Nerea: "Guk erabaki genuen Landaberrira eramatea umeak; berak –Ikerrek– han ikasi zuen. Herriko eskola batera joatea nahi genuen, herriko jendearekin ibiltzeko, eta gainera, aitona-amonen laguntza behar genuen, eta errazten zuen. Oso gustura daude eta gu ere bai". |
Sasoeta-Zumaburu. Lehen Hezkuntza. Ainhoa, Leire eta Gorka |
Gorka: "Kaixo, ni Gorka naiz. Asko gustatzen zait eskola, LH1n nago. Asko gustatzen zait ondoan bizi garelako eta bi futbol zelai dituelako". Ondoren, Leire amarekin batera mezu bat zabaldu du: "Herrian hazi eta herrian hezi". Ainhoak ere hitz egin nahi izan du: "3 urte ditut, pozik nago eskolan".
|
Landaberri. Lehen Hezkuntza. Udane, Elaia eta Itsaso
|
Itsaso: "Oso argi genuen gure alabek herrian ikasiko zutela, nahiz eta gu berez Lasarteakok ez garen. Publikoa ere, oso argi. Eta errealitatean aniztasun handia dago publikoetan. Herrian hazi eta herrian hezi!" |
Sasoeta-Zumaburu. Lehen Hezkuntza. Maite, Oihana eta Amaia
|
Oihana: "Nire alabak Sasoeta-Zumaburu eskolara doa. Oso pozik gaude, etxetik gertu dago. Eskola txikia denez, irakasleekin harreman estua edukitzen dugu. Primeran gaude, egia esan". Pailazoek galdetuta, alaba zaharrenak ere esan ditu hitz batzuk. Maite: "Asko gustatzen zait txikia delako eta denok elkar ezagutzen dugulako. 6. mailan nago".
|
Landaberri. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza. Alaia, Ainhoa, Alba eta Maddi
|
Alabetako bat izan da hitz egiten lehena. Maddi: "LH3n nago eta oso pozik nago ikastolan", laburbildu du. Jarraian, amak garrantzia berezia eman dio Landaberriren ezaugarrietako bati. Ainhoa: "Oso pozik nago eskola inklusiboa da eta ume guztiek aukera berdinak dauzkate".
|
Adierazpenak amaituta, oholtza gainean zeuden familiek eta pailazoek elkarrekin dantzatu eta abestu dute Agur bat lagun maite kanta. Plazan zeudenek ere gauza bera egin dute. Amaitzeko bi talde argazki egin dituzte. Lehena, hitz egin dutenekin, bigarrena, Okendon bildutakoekin. Eta hori nahikoa ez balitz, nahi izan duten guztiek aukera izan dute sudurgorriekin erretratua egiteko.