Hilaren 13an Bilbon egindako manifestazio jendetsua gogoratu dute lehenik. Gatazka "behin betiko konpontzeko" milaka "giltza" bildu zituen mobilizazioa "bultzada garrantzitsua izan da euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eragozten jarraitzen duten salbuespen-juridikoei amaiera emateko". Arrakasta horrek aurrera egiteko "konfiantza eta bermea" eman die, "gatazkaren konponbidearen oinarriak" jasotzen dituen Konponbiderako giltzak manifestuarekiko atxikimenduak lortzen jarraitzeko,
Hala ere, bidea ez dela "erraza" izango nabarmendu dute, "presoen eskubideen aurkako autoak emanez" edo "egozpen eta sumario berriak aktibatuz" ari baitira. Horrez gain, kriminalizazio saiakerak ere salatu dituzte, Porrotx edota Itziar Ituñoren aurkakoak kasu, "presoen eskubideak defendatze hutsagatik".
"Oztopo lasterketa" deritzotenaren beste lagin bat Béatrice Molle eta Txetx Etcheverry "bakearen artisauen" aurkakoa. ETAren armagabetze prozesuan parte hartu zuten armak entregatzen eta Parisko Zigor Auzitegian laster epaituko dituzte. "Bake Bidean-ekin batera, epaiketa honen bidegabekeria salatuko dugu datozen datetan, eta bakea eta konponbiderako bidea sustatzen jarraituko dugu".
Bestalde, urtarrilean hil diren Jose Ramon Foruria eta Kandi Sagarzazu preso ohiak gogoratu dituzte. Lehena, gaixotasun larri baten ondorioz hil zen urte hasieran. 70 urtetik gora zituen markinarra baldintzapeko askatasunean zegoen urte luzez erbesteratuta eta espetxeratuta egon ondoren. Egun batzuk geroago, Sagarzazu hil zen. 48 urteko donostiarra 2015ean aske utzi zuten 12 urteko espetxealdia igarota.