Palma Mallorcara (Balear Uharteak) egin zuen bidaia Iñaki Garciak Euskadiko selekzioarekin. Infantil mailako sei probatan –hiru bakarka eta hiru errelebotan– egin zuen igeri herriko taldeko gazteak. 50 metroko igerilekura ohitua ez dagoen arren, erronkari ederki egin zion aurre Garciak eta emaitza onak lortu zituen bere marka pertsonalak onduz eta Espainiako txapelketarako gutxieneko berria eskuratuz.
Hilaren 20an, 200 m. bizkar proban bere marka berritzen eman zion hasiera lehiari, 02.23,91.
Arratsalde horretan bertan, estilo bereko 100 metroko saioan ere marka pertsonal berria egin zuen, 01.04,84. Horrek gainera, martxoaren erdialdean Terrassan ospatuko den Infantil Mailako Neguko Espainiako Txapelketarako txartela eman zion igerilari gazteari.
Nahiz eta nekea sumatu, hurrengo egunean 200 m. lau estiloko lehian marka ederra egin zuen bere erregistroa berritzeko, 02.29,55.
Horiez gain, Euskadiko selekzioko 4x200 m. libre, 4x100 m. libre eta lau estiloetako 4x100 metroko erreleboetako kide izan zen Buruntzaldea IKTko igerilaria eta 11., 8. eta 7. postuak eskuratu zituzten, hurrenez hurren.
Bestalde, hilaren 27an eta 28an, infantil, junior eta absolutu mailako Gipuzkoako txapelketa lehiatuko du Garciak. Ez da bakarrik izango, Buruntzaldea IKTko talde politak parte hartuko du Bergarako Agorrosin kiroldegiko igerilekuan.
Benjaminak, bikain
Buruntzaldea IKTko hamalau benjamin Ordiziako Majori kiroldegian izan ziren lehian.
2015ean eta 2014an jaiotako igerilariak 50 m. bizkar proba egin zuten igerian; estilo libreko 6x25 m. errelebo mistoa ere izan zuten.
2013an jaiotako gaztetxoek, aldiz, bi proba egin behar izan zituzten bakarka: 50 m. bular eta bizkar estiloko 100 metrokoa. Eta erreleboari dagokionez, 4x50 m. libreko saioa lehiatu zuten.
Taldeko prestatzaileek adierazi dutenez, "urduri egon ziren arren, guztiek jarrera bikaina erakutsi zuten jardunaldi osoan zehar, euren erronkei aurre eginez eta ikasitakoa aplikatuz".