Erribera kaleko lanak udarako amaitzea aurreikusi du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 25a, 15:39

Herrian aurrera eramaten ari den obra esanguratsuenak erakusten jarraitzen du Lasarte-Oriako Udalak. Atsobakarreko kirol eremuarenaz gain, Erribera kalea goitik behera berritzen ari da duela hilabete batzuetatik. Moldaketa garrantzitsuenetako bat Oria auzoa etorkizuneko kiroldegi berriarekin (gaur egun Michelin kirol gunea dagoen eremua) lotuko duen zubia jartzearena da, eta azpiegitura hori instalatu duten eguna aukeratu dute bisita gidatu bat egiteko. Agustin Valdivia alkatea, udal arkitektoa eta lanak burutzen ari diren Campezo nahiz Jaizubia enpresetako ordezkariek erakutsi diete egiten ari direna kazetariei. Auzotarrek "luzaroan" itxaron dutela adierazi du Valdiviak eta haien egonaldia ez dela asko luzatuko; ondo bidean, uztailerako bukatzea aurreikusi du. Rosalesek gehitu du lanak "erritmo onean" doazela. "Tren batekin alderatzen dut proiektu hau: bagoiez bagoi ari gara eraikitzen".

Aipatu zubiarenaz gain beste lan esanguratsu ugari egiten ari dira: oinezkoentzako pasabideak irisgarriago egiten (igarobide horiek luzatu egin dituzte horren aldapatsuak ez izateko) eta lurra inpermeabilizatzen, likidoak isur ez daitezen; ibaiertzeko paseoko bidegorria osatzeko zatia egiten; eta zorua zabaltzen, miradore bat jarri eta herritarrek Oria ibaia eta inguruak ikus ditzaten bertatik. Horiez gain aldaketa gehiago egingo dituzte, hala nola, eremu horretako argiteria berritzea, LED teknologia erabilita.

Uztailerako bukatuta egotea aurreikusi duten obra horiek, esan bezala, Campezo Obras y Servicios SA eta Jaizubia Obras y Servicios SA enpresak aurrera eramaten ari dira, 3.580.133,18 euroren truke (BEZa barne).