Intzako pilotariak ederki jardun arren, zorte ezberdina izan zuten euren hitzorduetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 25a, 10:44

Intza pilota elkarteko kideek jardunaldi berriari egin zioten aurre. Guztiek euren onena eman zuten, baina denetariko emaitzak izan ziren

Hilaren 19an, 2. urteko alebin mailako gaztetxoak batu ziren lehiara eta ederki borrokatzen hasi zuten Errendimenduko bikotekako txapelketa. EPLE izan zuten aurrez aurre Intzako Garcia eta Lier Garmendia kideek osatutako bikoteak. Tanto polita eta borrokatuak ikusi zituzten Loidibarren pilotalekuan bildu ziren ikusleek. Azken tantoetan Errenteriako bikotea hobeto moldatu zen eta garaipena erdietsi zuen, 14-16.

Udaberri txapelketan eta 3. mailako infantil neurketetan garaipena eskuratu zuten Intzako kideek.

Nagusien 2. mailan Aloña Mendi 1 izan zen Jon Pello Artetxe eta Peru Urdanpilleta herritarren aurkari. Lasarteoriatarrak neurketa hasieratik nagusi izan ziren. Sendo jokatu eta tantoak egiteko aukera gutxi utzi zizkieten aurkariei; 6-22 gailendu ziren.

Unai Lizarragak eta Arkaitz Lasak ere aurkariak gainditu zituzten 3. infantil mailako hitzorduan. Markagailuan aurre hartu eta ederki mantendu zuten aldea Intzako gazteek; 12-18ko markagailua izan zen amaieran.

2. Infantil mailan, aldiz, bi neurketatik biak galdu zituzten Intzako ordezkariek. 

Intza 2k (Iparragirre-Lopez) ezin izan zuen Kukuren aurka ezer egin, baina emaitzak islatzen duena baino tanto gehiago egiteko aukera izan zuten, 18-4. 

Intza 1 (Jauregi-Maiz) bikoteak Ziotza 2ri gauzak zail jartzen saiatu ziren arren, zizurkildarrek eraman zuten neurketa 18-12.

Gomazko palako modalitatean, Jagoba Mendizabalek Tolosara egin zuen bidaia. Beotibar taldeko Goitiarekin neurtu zituen indarrak lasarteoriatarrak. Hasieratik nagusi izan zen tolosarra eta 25-7 amaitu zen norgehiagoka.