12 eta 17 urte bitarteko edonork parte hartu ahalko du lehiaketan. Pertsona bakoitzak egoki deritzon adina proposamen aurkeztu ahalko ditu, hori bai, kartel guztiek goiburu hau eraman behar dutela ohartarazi dute antolatzaileek: Martxoak 8 de Marzo, Emakumeen Nazioarteko Eguna, Día Internacional de las Mujeres.
Afixa lantzeko teknika "erabat librea" da, eta formatu digitalean nahiz fisikoan aurkeztu ahalko dituzte interesdunek. Lan bakoitza izenburu batekin identifikatu beharko dutela nabarmendu dute udal ordezkariek.
Aurkeztutako lan guztiak, ikusgai
Lehiaketara aurkeztutako kartel guztiak Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroan jarriko dituzte ikusgai martxoaren 1etik 8ra. Bertan, lanak, bozkatu ahal izango dituzten herritarrek; kartelei buruz duten iritzia adierazi ahalko dute, eta hori aintzat hartuko da bigarren eta hirugarren sariak erabakitzeko.
Kartel irabazlea, berriz, epaimahi batek erabakiko du: Lasarte-Oriako Udaleko berdintasun teknikari, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta gaian adituek aukeratuko dute, eta haren erabakia apelaezina izango dela azpimarratu dute ekimenaren antolatzaileek.
Hiru sari
Irabazleak sari bakarra jasoko du, 120 eurokoa, bigarrenak, aldiz, 90 euro irabaziko ditu, eta hirugarrenak 60 euro.
Herritarrak egitasmoan parte hartzera deitu ditu udalak.