LOKEko judokek dominak jantzi dituzte Tortosan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 24a

Anne Linazasoro eta Maria Escribano judokak LOKEko prestatzaile Gorka Aristegirekin. Arg.: LOKE Judo.

Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko (LOKE) Judo saileko kideek ez dute atsedenik Gabonetako oporraldiaren ostean

Infantil mailako Espainiako kopan izan dira Maria Escribano eta Anne Linazasoro. Tortosan lehiatu ziren erkidego ezberdinetako aurkarien aurka eta launa borroka egin ostean, biek domina jantzi zuten. Escribano 57 kilo azpiko promozio mailako bigarren sailkatu zen; Linnazasorok, aldiz, 63 kilo baino gehiagoko mailan hirugarren postua eskuratu zuen.

Hilaren 21ean, berriz, Euskadiko federazioak antolatutako entrenamenduan egin dute lan infantil, kadete, junior eta senior kategoriako LOKEko judokek.

Baina Gabonetan ere ikasten eta lanean izan dira Gorka Aristegik zuzentzen dituen kirolariak.

Abenduaren 29an, urteari emaiera emateko Kangeiko entrenamendua egin zuten. Goizeko 6:30ean korrika egitera atera eta 7:00etatik 9:00etara entrenamendu gogorra egin zuten. Ostean, gosaltzera joan ziren guztiak.

Olinpikoez ikasten

Egun bat geroago, Euskadiko federazioak Gasteizen antolatutako lehen topaketa olinpikoan parte hartu zuten. LOKEko kideek Joko Olinpikoetan lehiatu diren Sugoi Uriarte, Laura Gomez, Oiana Blanco, Kenji Uematsu eta Kiyoshi Uemats judoken azalpenak adi jarraitu zituzten.