Ederki borrokatutako garaipena erdietsi zuen Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 23a, 15:45

2024 urteko lehen errugbi partida jokatu zen Michelin kirol gunean hilaren 21ean; Euskal Ligako Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak-Arratiko Zekorrak neurketa borrokatuak ikusleak gozarazi zituen

Gernika RTko bigarren taldea lehiarako gogoekin etorri zen Lasarte-Oriara eta etxeko taldeak zail izan zuen garaipena eskuratzea.

Lehen minututik kinka larrian jarri zuten bizkaitarren erasoek Beltzen defentsa. Aurrelari esperientziadunek eta hiru laurdeneko bizkorrek entsegu marraren bila saiakera ugari egin zituzten.

Zorionez etxekoek ongi erantzun zieten aurkariei eta hamargarren minutuan, mele batetik ateratako baloia marraraino eraman zuen Gabi Gavilan herritarrak. Julen Espinosak gauzatze egin eta 7-0 aurreratu zen etxeko taldea. 

Gernikarrek ez zuten amore emango, ordea; erasoak areagotu eta presio handia egin zuten Beltzen defentsan. Ondorioz, epaileak aurkako falta eta zigor-entsegua adierazi zuen eta aurkariak neurketa berdintzea lortu zuen. Lau minutura gainera, etxekoen akatsarengatik hutsune bat egin zen defentsan eta Zekorrek ederki baliatu zuten aukera markagailuan aurretik jartzeko.

Emaitzak ez zuen gainerako minutuetan aldaketarik izan. Bi taldeek aukerak sortu zituzten, baina atsedenaldira 7-14koarekin iritsi ziren.

Erantzun itzela

Neurketako bigarren zatia hasi eta gernikarrek hirugarrenez marra igaro zuten.

Etxekoak ez ziren erantzun gabe geratuko eta lan handia eginez, Mikel Ibisate herritarrak aurkariaren defentsan hutsune bat aurkitu eta entsegua egin zuen. Espinosak ez zuen huts egin eta gauzatzea ere lortu zuen. 

Lau minutuetara Arkaitz Urdangarinek ere defentsa atzean utzi eta baloia entsegu eremura eraman zuen. Eta beste lau minutu behar izan zituen Gabi Gavilanek neurketako bere bidarren entsegua egiteko. Hau ere Espinosak ongi gauzatutakoa.

26-19ko markagailuarekin aurkariak ez zuen etsi eta Beltzek partida bereganatzeko saiakerak egin zituen. Oier Preciadoren lehen entseguari esker, lortu zuen aldea irekitzea.

Baina Arratiarrek kirioak dantzari jarri zizkieten etxekoei 71 eta 78 minutuetan eskuratutako entseguekin. Gauzatzerik ez zuten lortu, ordea eta 31-29ko markagailu estuarekin amaitu zen lehia.

Postu borroka

Euskal Ligako Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldea bosgarren postuan da garaipenari esker. 

Laugarren sailkatua den Txingudi puntu bakarrera du eta hamabigarren jardunaldian neurtuko dituzte bi taldeek indarrak. Inauterietako larunbatean, otsailaren 10ean da hitzordua Plaiaundiko zelaian eta ordura arte, norgehiagoka gainditzeko gogoarekin lan egingo dute Beltzek.

Beste mailak eta selekzioa

18 urtez azpiko taldeak ere garaipena erdietsi zuen; Uribealdea Arrieta 12-17 gainditu zuen. 16 urtez azpikoak, bestalde, Getxo 2009ren aurka galdu zuen, 10-58.

Eta Espainiako Selekzioa Europako Txapelketa prestatzen hasi da. Lehen deialdian Ordiziako jokalari Alex Saleta herritarra sartu da; hilaren 21etik 23ra Guadalajaran izan da lanean taldearekin.