Ostadarreko Euskal Ligako taldeek jardunaldi oparoa izan zuten

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 23a, 11:45

Ostadar Boleibol saileko Euskal Ligako taldeak Maialen Chourraut kiroldegian zein Galdakaon ederki jardun dira eta garaipeneko puntuak eskuratu dituzte

2. mailako taldeak Kora Green City Mendebaldea taldearen aurka neurtu zituen indarrak Maialen Chourraut kiroldegian. Lasarte-Oriako taldea nagusi izan zen ligako bigarren itzuliko lehen neurketan, 3-0 (25-12, 15-9 eta 25-14). Asier Acuriola Ostadarreko entrenatzaileak azaldu duenez, bi taldeen arteko maila jauzia handia da: "Mendebaldeak aurten lehen urtea du Euskal Ligan eta oraindik mailara moldatu ez dela nabari da".

Adibide modura, gasteiztarrek sakeetan izandako arazoa aipatu du: "Asko kosta zitzaien gure sakeak ongi defendatzea eta horiek guretzako puntu zuzenak izan ziren edo kontraeraso erosoak". 

Hirugarren postua

Ongi hasi du urtea eta bigarren itzulia Ostadarreko Euskal Ligako II. mailako taldeak. Bi neurketeta jokatu ditu taldeak hil honetan eta biak irabazi ditu Asier Acuriolak zuzentzen duen taldeak. "Ez dira urteko neurketarik gogorrenak izan," adierazi du prestatzaileak.

Talde urdin-beltzeko entrenatzailearen ustetan, Gabonetako etenaldiaren ostean erritmo pixka bat falta du taldeak, baina euren helburua lortzeko bide onean doazela ere onartu du: "Denboraldian zehar hamarretik zazpi garaipen lortu ditugu eta aurreko bi urteetako alderaketa eginez, taldea asko hazi da bai esperientzian baita kalitatean ere".

Horri esker sailkapeneko hirugarren postuan da talde urdin-beltza eta bertan mantentzea du xede. Horretarako hilaren 28an Nafarroako Unibertsitatearen aurkako neurketa garrantzitsua dela nabarmendu du Acuriolak. Ostadarreko jokalariak euren onena emango dute pausoz pauso helburua lortzeko.

Bosgarren setera arte

Euskal Ligako taldeak, aldiz, gehiago izerditu behar izan zuen Galdakaoren aurkako neurketa irabazteko.

Bi taldeek ongi baliatu zuten euren sakea setetan abantaila izan eta bereganatzeko. Nahiz eta talde urdin-beltzak borrokatu eta bizkaitarrei ederki aurre egin, laugarren setan batez ere, ezin izan zioten sakea apurtu. Beraz, binako berdinketaren ostean (17-25, 25-23, 17-25 eta 26-24) bosgarren setean erabaki zen partidako garailea. Ostadarrek ongi erantzun zion egoerari eta 12-15 gailendu zen.