Elkarrekin jarraituko dute Lasarte-Oria euskalduntzen

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 23a

Lasarte-Oriako Udalak lankidetza hitzarmenak sinatu ditu herriko hiru ikastetxeetako guraso elkarteekin eta Ttakun Kultur Elkartearekin. Akordio horiek berresteko ekitaldira bertaratu diren guztiek nabarmendu dute herria euskalduntzen jarraitzeko lan lerro nagusi eta programa zehatzak garatuko dituztela dirulaguntza horien bidez.

Udalaren izenean Agustin Valdivia alkatea eta Euskara batzordeko lehendakari Jon Antxordoki izan dira. Hitzarmenen garrantzia nabarmendu dute biek, bai jasotzen dituzten programen eta dirulaguntzen kopuruagatik, bai hitzartutakoaren bidez eragile guztiak "saretuta eta adostasunean" aritzeak esan nahi duenagatik.

Hitzarmen handiena Ttakun Kultur Elkarteko lehendakaria den Mari Karmen Ormazabalekin sinatu du udalak. 184.365 euroko laguntza jasoko du eragile horrek programa hauek aurrera eramateagatik: Gazte eta Amaraun klubak, Kuadrillategi, GurasoLeku, Solaskide, Kulturgintza euskararen eskutik, Euskaraldia eta TXINTXARRI aldizkaria. Aipatu egitasmo horiek guztien antolaketa prestatzeaz harago, jasoleei informazioa ezagutaraziko die, behar diren langileak kudeatuko ditu eta diru kontuak eramango. Horrez gain, lankidetza akordioan jaso dute Ttakun KEk dirulaguntza hori justifikatuko duela enpresa euskaldun batek auditatuta.

Guraso elkarteak

Bestalde, herriko ikastetxeetako hiru guraso elkarteekin ere sinatu ditu hitzarmenak udalak. Sasoeta-Zumaburu hezkuntza zentroko Burunzpe guraso elkarteko kide Silvia Carballo, Oriarte ikastetxeko Oriartekide guraso elkarteko idazkari Iban Urkizu eta Landaberri ikastolako guraso elkarteko lehendakari Juan Luis Eizmendi. Hiru akordioak desberdinak izan badira ere, hiruen artean 77.704,42 euroko dirulaguntza jasoko dute.

Udalak diruz lagundutako programen artean daude elkarlanean jorratutakoak (Gu ere bertsotan, GurasoLeku edota Elemeleka) nahiz ikastetxe bakoitzaren beharretatik sortutakoak (Pertsonaia ezagunen bisitak, Arantzako aterpean egonaldia edo Noka ikastaroa).