'Erik eta Win' antzezlanaren emanaldia egingo dute larunbatean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko urtarrilaren 22a

'Erik eta Win' ikuskizuna estreinatu eta ia lau urtera ariko dira Buhameak taldeko lagunak Lasarte-Orian, hango eta hemengo areto eta oholtzetan ibilbide oparoa bizkarrean. Lau kide igoko dira Manuel Lekuona Kultur Etxeko agertokira hilaren 27an, larunbatarekin, 20:00etan: Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariak eta Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariak. Gizakien arteko erlazioen intimotasuna jorratuko dute lehen biek, haien arteko harremanaren bilakaera ardatz hartuta: nola erakarri ziren, euren arteko botere harremanak nolakoak izan diren, nola elkar lagundu edota konpetitu duten, nola harremandu diren emakumeekin eta nondik nora hurbildu diren haiengana, erakutsi eta ezkutatu dituzten desio eta behar emozionalak... Finean, "hain agerian ez dauden gai ugari" aztertuko dituzte, Atxegak TXINTXARRI-ri kontatu dionez. "Genero arteko harremanak, gizontasun eredu berriak...". Hori dena, eta gehiago, umoretik.

Atxega bera eta Muñoa lasarteoriatarrak dira; hortaz, hilaren 27an etxean eta etxekoen aurrean ariko dira, nolabait esatearren. Musikariak aitortu du "poz handia" ematen diela emanaldi hau aurrera eramateko aukera izateak, eta balitekeela "bukaera baten hasiera" izatea, ikuskizunak ia lau urte bete dituelako (koronabirusaren pandemia tartean) eta halakoek ez dutelako ibilbide askoz luzeagoa izaten antzoki eta aretoetan. Pozik bai baina urduri ez, Erik eta Win ondu dutenek ibilbide luzea egin dutelako honezkero eta ikuskizuna oso ongi prestatu. "Baliteke zuzenekoan arazoren bat izatea, baina ez da izango parte hartzen dugunon utzikeriagatik, lana egin ez izanagatik". 

Ikuskizun "hibridoa"

Bertsolaritza, musika, antzerkia eta poesia uztartu dituzte ikuskizunean, Atxegak azaldu duenez: "Hibridoa da". 2013an estreinatu zuten Ez gara Palestinaz ari lanak erakutsi zien bidea, eta "marka bat, egiteko modu bat" mantendu dute Erik eta Win-en, lehenengoaren jarraipena ez den arren. Lehen aipatutako gai horiek guztiak eta gehiago jorratuko dituzte bertsolariek, bi ahotsetara, musikarien laguntzarekin: pianoa, akordeoia eta gitarra izango dira erabiliko dituzten instrumentuak. Musikari lasarteoriatarrak azpimarratu du beraiek sortutakoak direla antzezlanean zehar erabiliko dituzten doinu ia guztiak, bertsionatu egingo dituzten buleria eta bolero bana izan ezik. Ikuskizunaren muinak eta musikak berebiziko garrantzia dute eta baita eszenografiak ere, oholtza gainean nola erakutsi erabakitzeak, hain zuzen ere. Asier Sota antzerkigile eta zuzendari artistikoak lagundu die horretan.

Ezaugarri horiekin guztiekin sortu dute Erik eta Win Buhameak taldeko kideek eta Atxegak kultur etxera joatera animatu ditu herritarrak. "Lantzen ditugun gaiak pil-pilean daude. Zoritxarrez, asko dugu lantzeko oraindik; etor daitezela sortu duguna ikusi eta gure ikuspuntua ezagutzera". Sarrerak salgai daude honezkero eta 6 euro balio dute.

Fitxa teknikoa

Bertsolariak: Unai Muñoa eta Ander Lizarralde.

• Musikariak: Aitor Atxega eta Imanol Kamio.

• Zuzendaria: Asier Sota.

Iraupena: 70 minutu.

• Generoa: Bertsolaritza, musika, antzerkia eta poesia.

Ikuskizunari buruzko informazio gehiago, Buhameak taldearen webgunean.