Palestinarren genozidioa gelditzeko eskatu dute beste behin

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 21a, 18:18

Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Dinamikak deituta, 150 bat lasarteoriatarrek parte hartu dute igande arratsaldean egindako manifestazioan. Israelek Gazan aurrera daraman erasoa salatu eta Europaren babesa gaitzetsi dute. 

Okendo plazatik abiatu dute ekintza. Hamarnaka herritar jarri dira Israel genozida, Palestina askatu zioen pankarta atzean, leku berean amaituko zen bideari ekiteko. San Pedro eliza parean Palestinako bandera bat zeramaten hiru haur batu zaizkie eta  mobilizazioaren une batean taldearen buruan jartzera gonbidatu dituzte. Hala iritsi dira Tajamar biribilgunera. Han, gorpuak irudikatzen zituzten margo gorriz zikindutako zaku zuriak jarri dituzte, eta bengala berde eta gorri bana piztu dute maskara zuridun bi lagunek; beste bik Israel genozida zioen pankarta eutsi dute, eta bi haurrek, Palestinako bandera. 

Ibilbidea amaitu eta Okendora iristean idatzi bat irakurri dute, lehenengo, euskaraz, eta ondoren, gaztelaniaz. Erasoa hasi zenetik 107 egun pasatu diren honetan Gazan bizi duten egoeraren deskribapena egin dute. Zaurituak artatzeko beharrezko baliabideen gabezia, gosez eta egarriz hildako jendea, gaixotasunen hedatzea, bonbardaketen ondorioz eraitsitako ospitale, unibertsitate eta eskolak...

Horren guztiaren ondorioak honakoak dira: "Gazan 25.000 pertsona hil dituzte jada. Zaurituak 61.000 dira. 7.000 desagertu daude oraindik hondakinen azpian. 800.000 pertsona muturreko gosea pasatzen. 400.000 gaixotasun infekziosoekin. 119 kazetari erailda. Zisjordanian 350 hildako, 4.000 zauritu, 5.000 preso, 6.000 atxilotu". Halaber, Israelgo espetxeetan dauden presoen egoera ere gogoratu dute: "inkomunikatuta, baldintza miserableenetan, hamarnaka pilatuta ziegetan, lurrean lotan, etengabeko jipoiak jasaten, etengabeko tortura, erailketak".

Salatu dute erasoen irudiak "harro erakusten" dituztela sionistek sare sozialen bidez eta, Mendebaldeko masa komunikabideen laguntzaz, "errealitatea nahieran manipulatu eta gezurrak etengabe zabaltzen" dituztela. Hori guztia AEBen eta Europaren "babes inkondizionala" dutelako egin dezake Israelek,  politiko, mediatiko, ekonomiko eta militarra. Horren erakusgarri da Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegian Israeli "genozidioa kalkulatua" egiten ari dela leporatu izana, Alemaniak genozidiorik ez dela dioen bitartean.

Euskal Herrian ere Isralek babesa baduela nabarmendu dute. Eusko Jaurlaritzak zuzeneko inbertsioak ditu CAF enpresaren bidez eta joan den astean Gipuzkoako Foru Aldundiak CAFeko zuzendaria, "justu momentu honetan", saritu izana gaitzetsi dute. Herrian, berriz, taldeak jarritako mozioa ezeztatu eta eztabaidatzeari uko egin zion bozeramaileen batzarrak. "Zentsura, isiltasuna, konplizitatea. Demokraziaren alde eta biolentziaren kontra ahoak betetzen dituzten horiek, horrelako genozidio baten aurrean isilik geratzea eta eztabaidak zentsuratzea erabakitzen dute". 

Gatazkaren oinarrian mendebaldeko potentzien kolonizazioa dagoela gogoratu dute, "Europak bultzatutako proiektu sionistaren kolonizazio bat". Errepresioak errepresio eta komunikabideen arreta gutxitu bada ere,  elkartasuna handitu egin dela adierazi dute eta Palestinaren kolonizazioa eraikitzen duten estatu, enpresa eta produktuen kontra borrokatzera deitu dituzte bertaratutakoak.

Azken horri lotuta, Israel babesten duten enpresen izenak eta sionisten alde egiten dutena jasotzen zuten orriak banatu dizkiete plazan bildutakoei eta inguruko tabernen terrazetan zeudenei.

Ukatutako mozioa

Lasarte-Oria Palestinarekin elkarteak mozio bat aurkeztu zuen hilaren 8an, urtarrileko udalbatzarrean –hilaren 18an aurrera eraman zuten– eztabaida zezaten. Bertan jaso zuten Gazak egun bizi duen egoeraren azalpena eta bi eskaera zehatz: Udaletxean SOS Palestina lelodun afixa eta Palestinako bandera bana jartzea. Hilaren 16an, ordea, bozeramaileen batzarrak adostu zuen mozioa kanpo uztea, PSE-EE, EAJ eta PPren botoekin. 

Elkarteko kideen hitzetan, mendebaldeko herrialdeen "elkartasun falta eta zinismoak bere isla du Lasarte-Orian ere".