Jaso aurrena, emateko gero

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 19a, 10:01

TrukeLandia egitasmoaren aurkezpen koloretsua aurrera eraman dute kultur etxean Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak. Ekimenaren helburua, izenak dioen moduan, bizipenak trukatzea da, hilabetean behin: ipuinak, abestiak, errezetak, eta abar. GurasoLeku jardueraren barruko GurasoLandian parte hartzen ari diren familiei zuzenduta dago; horietako asko bertaratu dira Porrotx pailazoak eta Josu Txapartegi 'Txapas' musikari eta Xumela koruko zuzendariak dinamizatu duten ikuskizunera.

TrukeLandia egitasmoa GurasoLandiaren baitan dago, eta, azken hori, GurasoLeku izeneko ekimen baten adarretako bat da, GurasoLagun eta GurasoTegirekin batera. Urte batzuk daramatza martxan xede honekin: herriko haurrak elebidun oso bihurtzea, euskararen transmisioa familietan bultzatzearen bidez. Lan mahai batek koordinatzen du hori guztia eta hauek dira kideak: Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzua, Ttakun Kutur Elkartea eta herriko ikastetxeak nahiz euskaltegiak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "berezia" izaten ari da ikasturtea, ehun familiatik gora parte hartzen ari direlako aurten GurasoLandian, bost programaziotan banatuta, 0 eta 5 urte artekoei zuzendutakoetan hain zuzen ere.