2023ko 9. Zenbakiko kreditu aldaketaren (kreditu gehigarriak) eta Zataraingo A.3.1 lurzatien zuzeneko esleipenaren berri ematearekin hasi du udal korporazioak hil honetako ohiko saioa. Horrekin batera, Hipodromo etorbideko 5., 7. eta 9. zenbakietan etxebizitzen, garajeen eta lokalen zuzenean besterentzeari buruzko alkatetza dekretuez ere informatu du.
Euskara sustatzeko ekintza plana (ESEP) Lasarte-Orian 2019-2022”, 2024ko abenduaren 31ra arte luzatzea onartzeaz aritu dira gai ordenako laugarren puntuan. Gaiak ez du inolako eztabaidarik sortu; zuzenean bozketa egin dute, eta, aho batez onartu. Bozka azalpenaren tartea baliatu du EAJko bozeramaile Jon Antxordokik alderdi guztiei proposamenaren alde egiteagatik.
Michelingo kiroldegi berria eraikitzeko obren kontratuaren esleipen proposamena onartu ala ez eztabaidatu dute gero, eta, hori ere zuzenean bozkatu dute. Hau izan da emaitza: aldeko hamalau boz (PSE-EE; EH Bildu eta EAJ) eta bi abstentzio (ELOP eta PP). Emaitza hori kontuan hartuta, onartuta geratu da gaia.
Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin (TZN) hitzarmena onartzeaz mintzatu dira seigarren puntuan. Gaiak ez du inolako eztabaidarik sortu, eta zuenean bozketa egin dute. Aldeko 11 bozekin (PSE-EE; EAJ; ELOP eta PP) eta aurkako bostekin (EH Bildu) aurrera egin du hitzarmenaren onartzeak.
Lasarte-Oriako Udalaren eta San Markos Mankomunitatearen arteko lankidetza hitzarmenaren onarpena landu dute ostean, eta gaia aurkeztu baino lehen sortu da nahasmena. Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiko Miguel Angel Tolosa bozeramaileak esan du bere ustez gaia ezin zitekela udalbatzar horretan bozkatu. Horren zergatia ere azaldu du. Gaia Zerbitzu Publikoetako batzordean landu zenean, dokumentazioa (idazkariaren eta kontu hartzailearen txostenak) falta zela argudiatuz azaldu du bere jarreraren zergatia. Gaineratu du, batzorde horretan galdetu zuela dokumentazio horiez, eta horiek bilera horretara ez ekarri izana "akats" bat izan zela erantzun ziotela. Horrez gain, beharrezko ikusten bazen batzordea errepikatu zitekela ere esan ziotela azaldu du. Gauzak horrela, eta tarte batez aipatu alderdiko kidearen eta idazkariaren arteko desadostasunak agerian geratu badira ere, azken horrek ziurtatu du gaia lan zitekeela, eta hala egin dute. Aldeko 15 bozka (PSE-EE; EAJ; EH Bildu eta PP) eta abstentzio batekin (ELOP) onartuta geratu da lankidetza hitzarmena.
Saioko lehen mozioa
Gai ordenako zortzigarren puntuan Udal Gobernuak area tentsionatuak izendatuak izateko eskaera formala egin dezan galdegin du EH Bildu alderdiak mozio baten bitartez. Honako bi eskaera egin ditu:
- Memoria justifikatiboa, zeinetan etxebizitza eskaintzaren eta prezioaren egoera eta bilakaera adieraziko den, datu objetiboen bidez, area tentsionatu gisa izendatuak izateko Eusko Jaurlaritzak jada zehaztutako eremuaren mugaketarekin batera.
- Ekintza plan espezifikoa, zeinetan Eusko Jaurlaritzak jada zehaztutako eremu tentsionatietan etxebizitzaren eskaintza eta eskaria orekatzeko neurroi zehatzak zehaztuko diren, baita horiek gauzatzeko kronograma bat ere, hiru urtera begira.
Mozioak ez du aurrera egin; EH Bilduk alde bozkatu arren, PSE-EE, EAJ aurka bozkatu dute eta ELOP eta PP abstenitu egin dira.
PSE-EEk eta EAJk aurkeztutako alternatiboa eztabaidatu dute gero; lau proposamen luzatu dituzte horretan:
- Irailean Lasarte-Oria etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeko onetsitako proposamenarekiko babesa eta konpromisoa berrestea.
- Lasarte-Oriako Udalari eskatzea gai honetan jardun proaktiboa izaten jarraitzeko, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan.
- Lasarte-Oriako Udalari eskatzea etxebizitzaren egoerari buruzko azterlan bat egiteko, bai eta udalerriko alokairuaren egoerari buruzko azterlan bat ere.
- Lasarte-Oriako osoko bilkura
Hori, aldiz, onartu egin du udalbatzak; PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu dute, eta EH Bildu, ELOP eta PP, berriz, abstenitu egin dira.
Anne Ugarteburu zinegotziaren kargu uztea
EAJ-PNVko Anne Ugarteburu Cialcetak zinegotzi karguari uko egitearen berri eman du Agustin Valdivia alkateak galdera eta erreguentzat tartea hartu aurretik. Ugarteburuk berak hitza hartu du, eta oposizioko alderdi guztientzat esker hitzak izan ditu; horiek berarekin izandako "eskuzabaltasuna" jarri du balioan. Kultur etxeko lankideak ere gogoan izan ditu, horiengandik ere "asko ikasi" duela nabarmendu du. Hitzartzea amaitu aurretik, herritarrei ere zuzendu dizkie hitz batzuk: "Hein batean barkamena eskatu nahi diet, nigan konfiantza jarriz, EAJri bozka eman zieten herritarrei; agian, orain, dezepzioa senti dezakete nire dimisioarekin, baina esan nahi nieke hor izango nautela, beraientzako". Amaitzeko eskatu du legealdi hau "errespetuan eta elkarrekiko laguntzan" oinarritu dadila: "Posizio ezberdinetan egon arren, denok helburu bera dugu, are Lasarte-Oria hobeagoa edukitzea". Txalo zaparrada ederra jaso du, eta, atzera, zinegotzi izan den denboran egindako lana eskertu diote PSEE-EEk, EH Bilduk eta PP alderdiek.
Galdera eta erreguen tartean ere plazaratu dituzte zenbait gai.